Hautatu dituzte Partaidetzazko Aurrekontuetako proiektuak
Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzia, Partaidetzazko Aurrekontuen proiektuaren aurkezpenean, duela aste batzuk.Donostiako Udala Bukatu da Donostiako Udaleko Partaidetzazko Aurrekontuen bozketa prozesua, 7.925 donostiarren parte hartzearekin, iaz baino 2.000 bat lagunek gehiagok hartu dute parte. Horrela, horren bidez, herritarrek proposatutako eta bozketa fasera pasatutako 123 proiektuetatik, hamahiru hautatuak izan dira, udalak gauzatu ditzan
Botoa eman duten 8.000 pertsona ingururen artean, udalaren arabera, %60,4 emakumeak izan dira eta bozkatzaile gehien biltzen dituen adin-tartea 30 eta 49 urte artekoa izan da (% 45,5). Jatorrizko auzoari dagokionez, boto gehienak auzo populatuena den Amara Berrin eman dira (%19,3), ondoren Antiguan (%10,3), Egian (%10,01), Altzan (% 9,3) eta abar.
Ekialdeko Barrutiak (Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo) bere aurrekontu propioa dauka horretarako, eta beraz, bi zerrendatan banatu ditu udalak hautaturiko proiektuak: Ekialdeko Barrutikoak eta hiriko gainontzeko eremuetakoak. Ekialdeko Barrutiko Batzarrak 2026rako prozesu horretarako 500.000 euro erabiltzea erabaki zuen, eta hiriko gainerako proiektuetarako udal uurrekontuan ezarritako kopurua urteko 1,5 milioi gorde dira, bai 2026rako, bai 2027rako. 2026an zehar, Ekialdeko Barrutia osatzen duten auzoetan hiru proiektu jarriko dituzte martxan eta beste sei proiektu hiriko gainontzeko eremuetan; 2027ko aurrekontuaren kargura, berriz, lau proiektu gauzatuko dira hirian; Ekialdeko Barrutian 2027ko aurrekontuen kargura egingo diren proiektuak zeintzuk izango diren jakiteko itxaron beharko da Ekialdeko Barrutiko Batzarrak bere aurrekontuaren zein kopuru erreserbatuko duen erabaki arte.
Hauek dira hautatutako proiektuak: Urumea ibaia garbitzea (2026), Toki Atsegina adinekoen elkarteko komunak egokitzea eta berritzea (2026), Matia inguruko edo Antiguako frontoiko komun publikoak (2026), bidegorriak hobetzea (2026), eserleku gehiago dituzten berdeguneak sortzea Grosen (2026), Urumea pasealekuko zoladura egokitzea (2027), zero kota jartzea Madril hiribideko oinezkoen pasabideetan (2027), Txomiñeneko Arteleku plazako futbol pista estaltzea (2027), komun publikoa jartzea Aitzol parkean (2027), aldagelak birgaitzea Cesar Benito futbol zelaian (2026), Matigoxotegi futbol zelaiko perimetro hesia ordeztea (2026) eta Herrera pasealekuko argiztapena hobetzea, Harria parkearen parean (2026)


