Nomada jaialdia asteazkenean iritsiko da Donostiara, kultur ekipamenduak ardatz
Nomada jaialdiko artxiboko irudia.Emaus Emaus Gizarte Fundazioak hirugarren urtez antolatu du Nomada jaialdia, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak lagunduta eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien Kultura Sailen babesarekin. Asteartean eta asteazkenean (hilak 4 eta 5) izango dira hasierako NomadaLab jardunaldiak, Bilbon eta Donostian. Ondoren, azaro guztian zehar, jaialdiak askotariko kultur programazioa eskainiko du lau udalerritan: Bilbon, Donostian, Derion eta Zarautzen. Denetarik antolatu dute: zinemagintza, argazkilaritza, musika, collageak, horma irudiak eta abar. “Guztia, urtebeteko elkarlan prozesu luzean aritu eta ondoren artistak, bitartekariak eta bazterketa egoeran dauden pertsonak”, gaineratu du Emausek.
Astearteko jardunaldia Bilbon izango da, eta asteazkenean iritsiko da jaialdia Donostiara, hilaren 5ean. 09:30etik 13:30era izango da jardunaldia, Koldo Mitxelena Kulturunearen Santa Teresa komentuko egoitzan. Kultura eskubide gisa: kultur ekipamendu inklusibo eta partekatuak sustatuz izango da jardunaldiaren izenburua, eta “kultura ekipamenduek inklusioa eta partaidetza bermatzeko duten garrantzian jarriko du fokua, kultura modu partekatuan eraikitzeko erronkari helduz”, Emausek azaldu duenez.
Aitziber Zubillagak eta Sara Buesak egingo dute jardunaldiaren irekiera instituzionala, eta hitzaldi nagusia Reina Sofia Museoko Ainhoa Oiarbidek emango du, eraldaketa instituzionala hizpide hartuta eta Museo Situado esperientzian oinarritua. Ondoren, esperientzia inspiratzaileen mahaia egingo dute, Arantza Mariskal (Tabakalera), Oihana Aristondo (Lekuona Fabrika) eta Kira Rivaresen (Colectivo Llamalo H) parte hartzearekin. Jardunaldiaren amaiera erronka partekatuen elkarrizketarekin osatuko da, eta Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxeak, Errotu Arkitekturak eta Astra Gernikako ordezkariek hartuko dute parte. Hemen daukazue jaialdiko informazio osagarria.
Emaus fundazioak gogorarazi du, halaber, Nomada jaialdiak “eskubide, aterpe eta ondasun komun gisa” ulertzen duela kultura: “Hori horrela, sorkuntza kolektiboaren ahalmen eraldatzailea eta parte hartze komunitarioa tresna gisa aldarrikatzen ditu gizarte inklusiboagoak eta irekiagoak eraikitzeko”.


