Portuko erabiltzaileek amarralekuak kudeatzeko irtenbideak eskatu dituzte
Eusko Jaurlaritzak joan den astean kargugabetu zuen Euskadiko Kirol Portuetako zuzendari Edurne Egaña, eta, haren ordez, Jon Asua izendatu. Erabaki hori amarralekuen gaineko eztabaida betean hartu zuen Jaurlaritzak. Izan ere, iraila amaieran abiatu zuen parte hartze prozesu bat amarralekuen erabilerari buruzko araudia gaurkotzeko. Amarralekuen esleipenak 15 urteko iraupena izan ohi du, eta egun indarrean dagoen 2017ko araudiak antzinatasunaren irizpidea ezabatu zuen.
Berritzeak, 2017 aurretik deialdiak egin dituztenei eragingo die, beraz, Donostiari ez. Hirian, kezka nagusia plazak esleitzeko prozedura egonkor eta argirik ez egotea da. Donostian, 396 amarraleku daude; Gipuzkoan, guztira, 2.265. Horietatik 2.101 daude esleituta eta itxaron zerrendan, berriz, 1.129 eskatzaile daude.
Kirol portuko hainbat erabiltzailek gutun irekia idatzi diote Egañari, eta, bertan, bizi duten “ziurgabetasuna” nabarmendu dute. Sinatzaileen esanetan, “zerrenda guztiak baliogabetuta eta konponbiderik eman gabe” utzi ditu Egañak, eta horrek gatazkak eta kalteak eragin dizkie itsasontziak erosi eta haien lekua hartu ezin dutenei. Era berean, Ansuarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna ere adierazi dute, eta espero dute aro berri honek “portuak bizi duen trantsizio luzea gardentasunez ixtea”.


