Amaia Zabarte zauritu zuen kargaren ertzainburuak ukatu egin du foam pilotak jaurti izana
Gaur hasi dira epailearen aurrean deklaratzean Realaren eta PSGren arteko partida aurreko istiluetan parte hartu zuten ertzainak.
Ertzaintzaren karga, Anoeta inguruan.Linas Korta / Argia Bi pertsona zauritu zituzten 2024ko martxoren 5eko Realaren eta PSGren arteko partidaren atariko Ertzaintzaren kargetan: Amaia Zabarte eta Maria Martin. Gertatu zena argitzeko, epailearen aurrean deklaratzen hasi dira egun hartako istiluetan parte hartu zuten ertzainak. Zehazki, zortzi agente pasatuko dira ikertu gisa, eta bi lekuko moduan. Horietatik, bik deklaratu dute gaur; kargaren ertzainburuak eta ustez Zabarte kolpatu zuen agentea. Biek dena ukatu dute.
Iker Sarriegi da Zabarteren eta Martinen abokatua, eta adierazpenak egin ditu gaurko saioaren ostean, epaitegiaren kanpoan. “Amaiaren kasuan, testigu batek eta ustez lurrean ostikoa jo zion agenteak hitz egin dute. Testigua ertzainburu bat da, kargen arduraduna. Esan du ez zutela kargatu, eta ez zutela foam pilotarik jaurti istiluen momentuan. Agenteak, berriz, ukatu egin du ostikoa jo izana. Traba bat topatu zuela adierazi du, eta ia erori egin zela, besterik ez”, azaldu du Sarriegik.
Bestalde, zaurituen ikerketan akatsak daudela salatu du Sarriegik. Izan ere, Martinen kasurako gaur deklaratu behar zuten pertsonak Zabarteren kasukoak ziren. Hau da, erratu egin dira. Horiek horrela, berriz deitu beharko dituzte deklaratzera.
Gogoratu behar da Zabarte bizitza galtzeko zorian egon zela aipaturiko istiluetan buruan jaso zuen jaurtigai baten kolpeagatik. Martinek, berriz, aurpegian pilotakada bat jaso zuen, bekokian zauri sakon bat eraginez eta bizitza osorako begiko lesio bat utziz.


