Dena prest Behobia-Donostiarako, inoiz baino emakumezko gehiagorekin
27.981 korrikalarik eman dute izena 60. Behobia-Donostian, eta horien herena emakumezkoak dira.
Fortuna Kirol Elkarteko kideek 60. Behobia-Donostiaren inguruko prentsaurrekoa eman dute Pio Baroja kiroldegian, herri lasterketa jendetsuaren atarian.Fortuna Igande honetan (hilak 9) izango da Donostiako herri lasterketa handiena, Behobia-Donostia, eta dena prest daukate Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek. Hain zuzen ere, horren inguruko prentsaurreko teknikoa eman dute astearte goizean antolatzaileek, eta xehetasun, datu eta informazio praktiko guztia dosierrean daukazue.
Iaztik, 28.000 pertsonakoa da lasterketako parte hartzaile muga —2015ean, 34.000 lagunek hartu zuten parte, errekorra ezarriz—, eta aurten ere eskuragarri jarri dituzten dortsal ia guztiek jabea dute: 27.981 lagunek eman dute izena. Horien artean, 9.474 emakumezkoak dira (%33,86), eta, hain zuzen ere, inoiz baino emakumezko gehiagok parte hartuko dutela nabarmendu dute antolatzaileek —iaz baino 758 gehiago—.
Horren harira, bukatutzat eman dute 50/50/25 egitasmoa, 2018an abiatutakoa eta 2025erako parte hartzaileen %50 emakumezkoak izatea helburu zuena. Aitortu dute ez dutela helburua bete, baina pozik agertu dira, emakumezko parte hartzaileen kopurua urtez urte igotzen joan delako eta aurten inoiz baino gehiago izango direlako. Era berean, nabarmendu dute egitasmoaren helburuaren alde lan egiten jarraitzeko asmoa dutela.
Datuak eta lehiatuko direnak
Beste datu batzuk ere eman dituzte agerraldian: 26 eta 30 urte artekoa da parte hartzaileen adin tarte nagusia eta Gipuzkoa da parte hartzaileen jatorrizko herrialde nagusia (7.052 gipuzkoar). Horrez gain, 2014az geroztik gertatzen den moduan, 20,196 kilometroko luzera izango du Behobiatik Donostiako Bulebarrerainoko ibilbideak eta 09:30ean abiatuko dira lehenengo parte hartzaileak, esku bizikletaz aterako direnak (65 lagun). Datu guzti-guztiak, aipatu moduan, dosierrean daude.
Bestalde, Behobia-Donostia herri lasterketa bat bada ere, ohiko legez, egongo da irabaztera etorriko diren goi mailako atleta. Emakumezkoetan, aurreikuspena da Elena Loyo, Edymar Brea, Sara Benedi, Diana Martin eta Nuria Luguerosek aukerak edukitzea irabazteko. Gizonezkoetan aldiz, Txakib Latxgar —azken biak irabazi ditu, baita 2019koa ere—, Asier Calahorra, Iraitz Arrospide eta Nicolas Cuestas izango dira, aurreikuspenen arabera, irabazteko lehiatuko direnak.
Latxgarrek irabaziko balu, garaipen gehien edukiko lituzkeen Euskal Herriko gizonezko atleta izango litzateke, baina oraindik Behobia-Donostia gehien irabazi dituen korrikalaritik urrun egongo litzateke, Maria Luis Irizarrek zazpi aldiz irabazi baitzuen lasterketa.


