Juan Manuel de Pradak irekiko du Literaktum jaialdia
                    Literaktum jaialdiaren aurkezpena.Donostia Kultura                Niaren oihartzunak: bakardadea eta nortasuna aro globalean izango da aurtengo Literaktum jaialdiaren izenburua, eta azaroaren 10etik 23ra egingo dute, Donostian. Urteroko legez, “literatura elkarrizketarako gune eta topagune bihurtzea” du helburu Donostia Kultura udal erakundeak antolatutako jaialdiak.
Aipaturiko izenburuaren bidez, “galdera pertsonal eta unibertsal bat” proposatu nahi du jaialdiak, antolatzaileek azaldu dutenez: “Nola definitzen dugu geure burua mundu global honetan? Bakardadea gero eta lagun ohikoagoa bihurtu zaigu, eta nortasuna, sarri, galdua edo zatitua ageri zaigu. Literaturaren bidez, Niaren oihartzunak entzungo dira, barrutik kanpora eta kanpotik barrura”.
Horrela, jaialdiak jarduera ugari antolatu ditu hiriko hainbat espaziotan: hitzaldiak, aurkezpenak, ibilaldiak, erakusketak eta abar. Hauek izango dira parte hartuko duten idazleetako batzuk: Juan José Millas, Eider Rodriguez, Laura Txibite, Arantxa Urretabizkaia, Carys Davies, Samanta Schweblin, Lourdes Oñederra, Julen Apella, Ignacio Martinez de Pison eta Belen Gopegui.
Horrez gain, Literaktumek aurkezten du atalean, askotariko gaiak bilduko dituzte eta euren azken lanak aurkeztuko dituzte Juan Manuel de Pradak, Javier Cercasek, Ignacio Peyrok, Harkaitz Canok, Agata Loth-Ignaciukek, Fernando Navarrok eta Javier Sierrak. Juan Manuel de Prada izango da, hain zuzen ere, jaialdia irekiko duena, Mil ojos esconde la noche. Cárcel de tinieblas lana aurkeztuz (azaroak 10, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean); hemen daukazue egitarau osoa.
Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute hiru urteurren esanguratsu ere izango dituztela hizpide jaialdian. Alde batetik, Antonio Machado poetaren jaiotzaren 150. urteurrenean, errezitaldi batean entzun ahal izango dira bere poema ezagun eta ez horren ezagunak, Angel Marco esatari eta aktorearen ahotsean (azaroak 17, 19:00etan, Viktoria Eugenia Klubean). Bestetik, Jane Austen duela 250 urte jaio zela eta, Espido Freire idazle bilbotarra arituko da idatzitako entseguaz (azaroak 11, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean). Azkenik, Virginia Woolfen Dalloway andrea-ren argitalpenaren mendeurrenaren harira, literatur solasaldirako eta afari literariorako gai izango da lan hori (azaroak 21, 19:30ean, Gastronomiazko Euskal Anaiartean).
								
								
							
					
		        	

