Zeatikez: esan gabeko guztia eta etxeari kantatzea
                    'Esan ez genuena' da Zeatikez talde donostiarraren lan berria.Zeatikez                Bazeukaten gogoa barnean zutena kanporatzeko, eta pop doinuekin egin dute. Kantekin. Esan nahi eta esan ez zituztenak ekarri dituzte mahai gainera eta musikatu egin dituzte, hala, beren lehen EP-a jaio den arte: Esan ez genuena da Zeatikez talde donostiarraren berriena, eta entzungai dago jada, plataforma guztietan.
Zergatik ez? galderari erantzun bat da taldea bera. Ezustekoan elkartu ziren, eta orain, zazpi abestiz osatutako hari batek mantentzen ditu lotuta. Zazpi kanta horien ordenari “arreta berezia” jarri diotela dio taldeak; dena dago ondo zaindua, barnetik aterata, eta datorrenari “emozioz” itxarongo diotela aitortu dute.
Hari horrek bihurtu ditu lagun, letretatik haratago, eta elkarrekin igoko dira oholtzara, estreinakoz. Urtarrilaren 10ean Dabadaban joko dute, Herenegun taldearekin batera.
Bi, aurrerapen gisa
EP-a kaleratu aurretik, bi kantarekin eman zuten beren burua ezagutzera: Loak hartu baino lehen eta Etxeari.
“Gauak ekartzen duen isiltasunean pizten den barne bakarrizketatik” jaio zen lehena, Loak hartu baino lehen. Gauaren lasaitasunak eta une horretan burura datozen kezketatik jaio da, “erritmo goxo eta melodia garbiekin” jorratuta. Etxeari, ordea, norberak etxe sentitzen duen horretan dago inspiratuta. “Babesten dituztenei, familia, lagun eta lekuei” kantatzen diete, entzuleak ere bere egin dezan. Bakoitzak bere etxeari. Beraiek ere etxe dira elkarrentzako, eta argi ikusten da hori, kanten samurtasunean.
Esan ez genuena lanak eman die kalera ateratzeko giltza, ordea. Haiek hala uste dute, behintzat, eta argi dute, zer den horrekin lortu nahi dutena: “Entzuleengan zerbait sentiaraztea, guk sortzean sentitu genuen bezala”.
Eta, lortuko dute, agian. Zeatik ez?
								
								
							
					
		        	

