2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izateko finalean dago Donostia
2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izateko defentsa saioa. Erdian, Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendari gerentea.Donostia Sustapena Donostiak “Europako Berrikuntzaren Kontseiluak ematen duen errekonozimendu handiena” lortu dezake, Donostia Sustapena udal erakundeak nabarmendu duenez: “2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izatea. Urtero, Europako ehunka hirik aurkezten dituzte beren proposamenak aldaketa eraldatzailea bultzatzeko helburuarekin herritarrak, erakunde akademikoak, enpresak eta agintaritza publikoak konektatzen dituzten hiriguneak goraipatzen dituzten iCapital sarietara”.
Uztailean aurkeztu zuten Donostiaren hautagaitza, Europako Hiri Emergente eta Berritzailea kategorian, Connecting for Impact (Inpaktua sortzeko konektatzea) lelopean. Horrela, Donostia hiru finalisten artean dago, Zipreko Nikosia hiriarekin eta Danimarkako Aalborg hiriarekin batera. 2026ko Europako Hiriburua datorren abenduaren 4an egingo den ekitaldian iragarriko dute, Turinen (Italia), egungo Berrikuntzaren Europako Hiriburuan. 50.000 eta 249.999 biztanle arteko hirientzako da Donostiak hautagaitza aurkeztu duen kategoria; irabazleak milioi erdi euro jasotzen ditu eta bi finalistek 50.000 euro bakoitzak.
Pozik agertu dira horrekin guztiarekin Donostia Sustapeneko arduradunak: “Gure hiria hiru finalistetako bat izatea, zientzia, berrikuntza eta hiri garapeneko hiri gisa etxeko lanak ondo egiten ari garela baieztatzea da. Ekosistema sendo bat eraiki dugu urteetan zehar — arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin, ikerketa zentroekin, ekintzaileekin eta konprometitutako udal politikekin —, eta orain ikusten dugu horrek emaitza aitortuak ematen dituela gure mugetatik kanpo. Hori ez litzateke posible izango errealitate hori posible egin duten pertsona guztien lana eta lankidetza gabe: ikertzaileak, enpresak, unibertsitateak eta herritarrak”, nabarmendu du Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak. Ildo beretik jo du Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak: “Berrikuntzaren Europako Hiriburua izateak tokiko ekosistemari ikusgarritasun handiagoa ematea ahalbidetuko luke, hiriak berrikuntza plataforma gisa duen papera indartuko duten konexio, lankidetza eta proiektu berriak bultzatuz”.


