2026ko udal aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztu dio PPk
PPk osoko zuzenketa eta 231 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio 2026ko udal aurrekontuari.
Borja Corominas eta Vanesa Velez PPko zinegotziak, artxiboko irudi batean..PP “EAJren eta PSE-EEren gobernu taldeak akats estruktural berberak errepikatzen” dituela iritzita, 2026ko udal aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztu dio Donostiako PPk, alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Azken urteotan ere gauza bera egin dute popularrek, gogorarazi dutenez. EH Bilduk ere osoko zuzenketa eta zuzenketa partzial ugari aurkeztu dizkio aurrekontuari.
Borja Corominas bozeramailearen ustez, jeltzaleek eta sozialistek “donostiarrei berriro eskatu diete udal gaien eguneroko kudeaketako hutsegiteek duten pisua euren gain hartzeko”. “Akats horiek gainkostu saihesgarriak” dakartzatela gaineratu du popularrak, eta, horregatik, aurrekontu proiektua “arduragabea” dela esan du, “epe ertain eta luzera”. Horrela, “austeritatea” eta “gastuaren kontrola” eskatu dituzte PPkoek.
Zuzenketak
Osoko zuzenketaz gain, 231 zuzenketa partzial aurkeztu ditu PPk, 2.608.675 euroko balioarekin. Horietako askok auzoetako eta, oro har, hiriko mantentze lanen ingurukoak dira, hala nola, asfaltatze, inausketa eta argiteria lanetarako aurrekontua handitzea, Kontadores eraikinean Bidebietarako kultur etxe bat jartzea eta ekialdeko auzoetan mugikortasun bertikala sustatzea.
Horrez gain, eduki ekonomikorik gabeko zuzenketak ere aurkeztu dituzte popularrek, hala nola, hainbat auzotako bizilagunen elkarteentzako udal lokalak uztea. Beste zuzenketa partzial horietako bat da, azken urteotan eskatu duten moduan, Donostiako Piraten abordatzerako diru laguntza “doitzea”. Era berean, Donostiako ikastetxeekin programa bat garatzea proposatu dute, eskoletan El Diario Vasco egunkariak egindako Gregorio Ordóñez, el asesinato que despertó la rebelión dokumentala proiektatzeko.


