53 milioi euro erabiliko dira Donostiako Topoaren saihesbidea eta Altza - Galtzaraborda tartea garatzeko
Mugikortasun Iraunkorrerako Estrategia Zuzendaritzak 250,4 milioi euro izango ditu 2026an, eta Euskadiko Mugikortasun Iraunkorreko Plana indarrean egongo den lehen urtea izango da horretarako. Plan horrek ehun jarduera baino gehiago izango ditu datorren hamarkadarako. Dokumentu horien erronka handienetako bat tarifen integrazioa bultzatzea da. Eredu bateratu bat da, baina lurralde historikoen araberako berezitasunekin, garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak deskontu handiagoekin saritzea helburu duena, kolektibo jakin batzuk kontuan hartuta, hala nola gazteak.
Trenbide azpiegituretako inbertsioen artean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) 259,5 milioi euro kudeatuko dituela azpimarratu du Garcia Chueca sailburuak. “Euskadiko trenbide-azpiegitura bultzatzea” atalean sartzen da “Donostiako topoaren lurpeko pasagunea eta Altza-Galtzaraborda trenbide-saihesbidea, Gipuzkoako hiriburuaren eta Errenteriaren artean, amaitzea eta zerbitzuan jartzea”. Gaineratu duenez, “bi tarteak 2026an jarriko dira martxan, eta 28,2 eta 25,3 milioi euroko aurrekontua dute, hurrenez hurren”, datorren urterako. Gainera, Donostiako Anoetako geltokia eraberritzeko 8,8 milioiko partida erreserbatuko da.
Mugikortasun jasangarrirako etorkizuneko azpiegiturak planifikatzeko, partida bat aurreikusi da Loiolako Erriberako (Donostia) trukagailuaren eraikuntza-proiektua amaitzeko, Euskotrenen eta Renferen lineak 2030etik aurrera konektatu ahal izateko.
Espainiako Gonbernuak beste 68 milioi
Euskal Trenbide Sarearen azpiegituretako inbertsioari aurre egiteko zenbatekoari 68,4 milioi euro gehitu behar zaizkio, Espainiako Gobernuak abiadura handiko sarerako eta hegoaldeko trenbide saihesbiderako egindako kudeaketa gomendioen bidez. AHTaren lanei dagokienez, kontuek 14,7 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa jasotzen dute Donostian Atotxako geltokia eta Hernani-Astigarraga tartea amaitzeko.
Era berean, 2,7 milioi euro bideratuko dira Bilboko abiadura handiko geltokira sartzeko tunelak eraikitzeko proiektua idaztera, eta Arkauteko lotunea eraikitzeko proiektuan aurrera egingo da, 1,2 milioi euro esleituta. Euskal Trenbide Sareak Astigarragako aldirietako geltokia ere eraikiko du, Gobernu zentralaren kudeaketa-gomendioaren bidez. Geltokia laster hasiko da eraikitzen, eta 7,5 milioiko partida izango du.
