Alderdi Ederreko noria bueltan da
Alderdi Ederreko noria, aurreko Gabonetan. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gaur hasi dira noria muntatzen, Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren pareko eremuan. Azaroaren 14an jarriko dute martxan, eta datorren urteko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Noria jartzeko, Andia kalea aldi baterako itxiko dute. Era berean, zirkulazioa eten eta bidegorri zatia itxiko dute.
Noriaren aurreko egonaldian, 88.150 txartel saldu zirela nabarmendu du udalak. “Jende gehien bildu zen eguna abenduaren 30a izan zen, 3.378 txartel saldu baitziren, eta San Sebastian Eguna ere, urtarrilaren 20a, nabarmendu zen 1.390 txartelekin, Gabonetatik haragoko interes iraunkorra islatuz”. Oraingoan ere, sarreren salmenta sistema bera izango du.
Muntaketa
Esan moduan, gaur goizeko zazpietan hasi dira noria muntatzen. Andia kaleko tartea moztu dute, Hernani kaletik hasita. Egoiliarren aparkalekurako sarbidea martxan dago. Bidegorria ere itxi dute Cervantes plazatik. Egunean zehar maniobrak egiten ari dira kamioi eta erdi atoiekin, noriaren egitura nagusia deskargatzeko. Andia kaleko trafikoa 18:00etan irekiko da berriro, baina bidegorria itxita egongo da.
Hilaren 6an, 7an eta 8an, Hernani kaletik Andia kalera doan tartean eta Cervantes plazatik doan bidegorrian ere egingo dituzte mozketak. 07:00etan hasi eta 18:00etan amaituko dira. Jardunaldi horietan, maniobrak egingo dira ibilgailu astunekin, muntaketarako behar den materiala deskargatzeko. Hilaren 9an, 15:00etatik aurrera, Andia kalea moztuko da berriro, etxolak deskargatu ahal izateko. Egoiliarren aparkalekurako sarbidea bermatuta egongo da une oro. Azkenik, hilaren 10etik 13ra bitartean, noria apaindu eta doitzeko lanak egingo dira. Egun horietan ez da trafikoa etengo, ezta bidegorriari eragingo ere.


