Gipuzkoako Elikagai Bankuak asteburu honetan egingo du elikagai bilketa handia
Elikagai bilketa bateko artxiboko irudia.Donosti City Gipuzkoako Elikagai Bankuak urtero antolatzen du elikagai bilketa handi bat, eta asteburu honetan izango da aurtengoa, hilaren 7an eta 8an. “Gure inguruko familia askorentzat, ezinezkoa da eguneroko dieta oso eta osasungarri bat izatea. Hori horrela, zure ekarpena ezinbesteko keinua da gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko”, nabarmendu du Gipuzkoako Elikagai Bankuak.
Gipuzkoako elkartasunaren indarrari “bultzada” eman nahi diote aurten, Dena ematen dugu leloarekin. Hala azaldu du Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belen Mendez de Vigok: “Udazken honetan, Dena ematen dugu leloarekin, gipuzkoar guztiak gonbidatzen ditugu beren babesa eskaintzera gehien behar dutenei. Pertsona batek daukanetik pixka bat ematen duenean —dela lekale pakete bat, dela litro bat esne, dela bere denborako minutu batzuk—, babes lokarri bat sortzen da, eta horrek indartzen du gure komunitatea. Emandako produktu bakoitza ez da elikagai bat bakarrik: laguntza, duintasuna eta elkartasuna ere bada”.
Horrela, Donostiako eta Gipuzkoako supermerkatu gehienetan egongo dira boluntarioak ostiralean eta larunbatean, elikagai ez galkorrak biltzen. Horrez gain, Gipuzkoako Elikagai Bankuak gogorarazi du dohaintza ekonomiko bat eginez ere lagundu daitekeela, “urte osoan produktu freskoak erosten lagundu ahal izateko”. Era berean, kanpainan boluntario gisa lan egiten ere lagundu daitekeela nabarmendu dute.
Horrez gain, laguntzeko arrazoiak ere zerrendatu dituzte: “Gipuzkoan 17.000 pertsona baino gehiago daudelako Elikagaien Bankuaren laguntzaren zain beren oinarrizko beharrak asetzeko.
Keinu guzti-guztiek balio dutelako: arroz pakete bat edo ekarpen ekonomiko bat etorkizuneko haziak dira egoera zailean daudenentzat. Zure ekarpenari esker, profesionalago eta efizienteago bihurtzen garelako elikagaiak kudeatzen, eta indartu egiten dugulako gizarte eta ingurumen laguntzarekin dugun konpromisoa”.


