Insaustiren karguak birbanatu dituzte udal gobernuan
Jon Insausti alkateak zituen karguak birbanatu ditu udal gobernuak: Turismoa, Euskara eta Kultura. Horrez gain, Idoia Gracia zinegotzi berriaren karguak ere erabaki dituzte.
EAJren udal talde berrituko bederatzi zinegotzietatik zortzi, ezkerretik eskuinera: Idoia Gracia, Ana Lopez, Martin Ibabe, Olatz Yarza, Jon Insausti, Kerman Orbegozo, Nekane Arzallus eta Mariaje Idoeta.EAJ Jon Insausti Maisterrena jeltzaleak joan den astean hartu zuen Donostiako alkate kargua, eta, horrekin, udal gobernuan zituen karguak birbanatu behar izan ditu EAJk. Jeltzaleen bozeramailea zen Insausti Goia alkate zenean, eta, Turismo, Euskara eta Kultura sailen burua.
Horrela, udaleko iturriek kargu banaketa baieztatu diote IRUTXULOKO HITZAri: Olatz Yarza Garagorri da orain Turismo zinegotzia, Kerman Orbegozo Uribe Euskara zinegotzia eta Ana Lopez Loiarte Kultura zinegotzia. Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotzia ere bada, Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa sailetako burua ere bada eta Lopezek Gobernantza Irekiaren kargua ere badauka. Horrez gain, alderdi jeltzalearen bozeramailea Yarza da orain.
Bestalde, Goiaren ordez, Idoia Gracia Mongek zinegotzi kargua hartu zuen joan den astean, eta udal gobernuan karguak hartu ditu berak ere. Zehazki, Auzoetako eta Herri Partaidetzako zinegotzia izango da aurrerantzean; orain arte, Maria Jesus Idoeta Madariaga zen sail horietako burua, baina, orain, Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzigoarekin gelditu da soilik.
Gogoratu behar da EAJk bederatzi zinegotzi dituela udalbatzan, eta Juan Ramon Viles Mitxelenak izan ezik, denek dutela karguren bat udal gobernuan. Aldiz, PSE-EE gobernukidearen bost zinegotziek dituzte karguak udal gobernuan.


