Iraganeko garaien nostalgia eta gazteluak airean
'Añorga. B(as)erria. Pasado. Presente. Futuro' erakusketa inauguratu dute gaur, Añorgako Cemento Rezola museoan.Nagore Garmendia Baserria: basoan dagoen herria. Basoetan bizi den jendea. Naturarekin kontaktuan bizi dena, horretara ohituta dagoena. Añorga landa eremuan sortutako hiri espazio bilakatu da urteekin, eta auzoaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura egin nahi izan dute, ordea, gaur Cemento Rezola museoan inauguratu duten erakusketa berrian: Añorga. B(as)erria. Pasado. Presente. Futuro. 2026ko maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, doako sarrerarekin.
Baserria “bere errealitate fisikotik harago aurkezteko espazio bat” da erakusketa, Maria Ruiz de Gopegi komisarioaren hitzetan, identifikatzen duten baloreei presentzia emanez: “Autosufizientzia eta bizikidetza, beste gauza batzuen artean”. Proiektuak, hausnarketara gonbidatzen du ikuslea; hiri inguruetan eman den aldaketari eta baserriek gure lurraldeko jasangarritasunean eta erresilientzian duten zereginari buruz hausnartzeko, hain zuzen ere.
Alba Zamarbide —ondarearen zaharberritzean aditua— eta Ruiz de Gopegui bera —Ingurumen Zientzia eta Teknologian doktorea— arkitektoak dira erakusketaren komisarioak. Hala, Ruiz de Gopegik parte hartu du aurkezpenean, proiektuari lotuta dauden beste batzuekin batera: Jose Maria Echarri, Heidelberg Materials enpresako bozeramailea eta ohorezko presidentea; Rafael Pascual, Añorgako Heidelberg Materials fabrikako eta museoko zuzendaria, eta Maria Arana, Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren komisarioa (Mugak) ere, bertan izan dira; izan ere, Mugak. Nazioarteko Arkitektura Biurtekoa ekimenaren seigarren edizioaren parte da erakusketa, baita Hiria pentsatzen proiektuaren parte ere.
Erakusketaren piezak
Lau alor ditu erakusketak; alde batetik, Añorgako baserrien egoera hainbat kategoriaren arabera irudikatzen duen instalazio bat: Añorgako baserriak, gaur egungo kartografia. Bigarrenik, ikus-entzunezko bi espazio, baserriaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko “ahots hurbilak eta adituak” biltzen dituztenak – Añorgako baserriak. Ahotsak. eta B(as)erria. Etorkizunerako agertokia. Gipuzkoako artxiboaren eta Gorgaren argazki historikoak, historian kokatzeko testu eta aipuekin eta, amaitzeko, puntu interaktibo bat, ikuslegoa hausnarketara gonbidatzen duena.
Ahots horiek herritarrenak dira, eta Pascualek ez du eskerrak emateko aukera galdu nahi izan. Herriak eraiki baitu herria urtetan zehar, eta herriak ere sortu baitu erakusketa, nolabait. Ruiz de Gopegiren ustetan, garrantzitsua da “bizitakoari pisua ematea”, bertan bizi (izan) direnei ahotsa emanez, herriaren iraganaren eta etorkizunari buruz mintzatzeko.
Kartografian lan “handia” egin dutela azpimarratu nahi izan du komisarioak; oraindik zutik dauden baserriak kokatu, baita egun existitzen ez direnak ere. Horiek guztiak koloretako hariekin lotu dituzte mapa batean, bisualagoa izan dadin.
Gazteluak airean
Utopikoa denarekin alderatu du erakusketa Aranak; izan ere, lortu ezina dirudien horrek bultzatzen gaitu gure inguruneak eraldatu eta hobetzera, eta erakusketa bada, Añorgako ingurunearen eraldaketaren isla. Nola sartu liteke erakusketa, ordea, utopia batean? Bada, baserria “etorkizuneko proiektu gisa” ikusten, eta komisarioaren ustez, Añorga “testuinguru polita da hausnarketa hori egiteko”.


