Ezagutza zientifikoa herritarren eskura jarriko du beste behin EHUko Zientzia Asteak
Gaurtik larunbatera bitartean, hilaren 6tik 8ra, 30 jarduera baino gehiago gauzatuko dituzte. Ia denak, Tabakaleran.
Ikasleak, Zientzia Astean.Mitxi, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Zientzi Asteak 25 urte bete ditu aurten eta 200 ekitalditik gora aurrera eramango ditu, lau egoitzatan. Ohi bezala, Donostia da horietako bat, eta 30 jarduera baino gehiago gauzatuko dituzte Tabakaleran, gaurtik larunbatera bitartean, hilaren 6tik 8ra. Hemen prestatutako egitaraua
Egitasmoaren xedea herritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea da, hori dena ikerketa zientifikoari eta berrikuntza teknologikoari lotutako jardueren bidez. Oraingoan plastikoak eta mikroplastikoak izango dituzte ardatz.
Tabakalerako patioan, Oceanus plasticus erakusketa ikusgai dago eta hamar zientzia txoko daude aukeran: Adimen artifiziala euskaraz, Biofindegiak plastikoen kutsaduraren aurka lanean, Etorkizuneko etxebizitzak eta hiriak, Materialen munduan barrena, Robotika, Zaintzen duen zientzia, Motostudent electric, Kimika gara, Energia berriztagarriak eta Argia, soinua eta mugimendua. Horien ordutegia honakoa da: gaur, hilak 6, 17:00etatik 18:30era; bihar, hilak 7, 17:00etatik 19:30era; eta etzi, hilak 8, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Horrez gain, ozeanoaren babeserako herritarren zientzia, energetikoki eraginkorrak diren eraikinak, azaleratzen ari diren materialak, paleontologia, fisika eta musika-uhinak, astronomia edo konputazio kuantikoa bezalako gaien inguruko tailerrak, Zientzia Clubeko bakarrizketa bat —bihar, hilak 7, 19:30ean— edota etzi, hilak 8, Aytami Soto dibulgatzaile ezagunarekin Historiako aurkikuntzarik handiena ikusteko aukera izango dute herritarrek. Gainera, adimen artifizialari eta mikro eta nano-plastikoei buruzko bi hitzaldi emango dituzte, eta unibertsitate arteko eztabaida bat egingo da Global Innovation Day programaren barruan.
Bestealde, Tabakaleratik kanpo, ibilbide didaktiko bat egingo dute larunbat goizean, Zigorraren kutsadura: Donostiako espetxe ohien ibilbide hausnarkorra izenburupean. 90 minutuko osteran, Kriminologiaren Euskal Insitutuko kideek hiriko espetxe zaharretan barrena ibilbide gogoetatsua gidatuko dute. Galdera errazen bidez eta egunerokoaren adibideen bitartez, gizarteak bere egindako zigorrari buruzko zenbait ideia zalantza jarriko dituzte. Elkargunea: Bulebarreko kioskoa, 11:00etan.


