'Maspalomas' hiru Forque sari irabazteko lehian
'Maspalomas' filmeko pasarte bat. Forque sariek ekin diote sari denboraldiari. Abenduaren 13an ezagutaraziko dituzte irabazleak Madrilgo IFEMA jauregian aurrera eramango duten galan, baina aurretik, atzo, haiek eskuratzeko hautagaien berri eman zuten. Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako filmak hiru sari irabazteko aukera du: Film onena, Gizonezko antzezpen onena eta Zinema eta Balioetan Heziketa saria.
Moriartiko kideek zuzendutako filma Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos, Oliver Laxeren Sirât eta Eva Libertaden Sorda-rekin batera dago onena gisa izendatzeko lehian. Zinema eta Balioetan Heziketa sarian, aldiz, laukotea ia bera da, Sirât beharrean, David Valeroren Enemigos dago hautagaien artean.
Zinemaldian estreinatutako filmak aktore onenari Zilarrezko maskorra eman zion Soroizi eta oraingoan sari berri bat jasotzeko aukera du. Alberto San Juan (La cena), Alvaro Cervantes (Sorda) eta Mario Casas (Muy lejos) dira beste izendatuak.
