Natale Seron irakasleak bakarrik dauden adingabe migratzaileei buruzko liburua argitaratu du
Natale Seron Arizmendi Deustuko Unibertsitateko irakaslea.Deustuko Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea da Natale Seron Arizmendi donostiarra. Berriki, Unaccompanied Migrant Children and International Law: The Role of Strategic Litigation in Advancing Human Rights (Bakarrik dauden Adingabe Migratzaileak eta Nazioarteko Zuzenbidea: Auzitan jartze estrategikoaren zeregina Giza Eskubideen sustapenean) liburua argitaratu du Erresuma Batuko Routledge argitaletxearekin.
Izenburuak dioen moduan, immigrazioaren gaia landu du, eta, bereziki, bakarrik dauden adingabe migratzaileen errealitatea, Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik. Orain arte, ohiko forma juridikoek ez dute lortu Espainian bakarrik dauden haur migratzaileen eskubide urraketa orokorrak geraraztea. Ezintasun horrek agerian uzten du defentsa juridikorako beste modu batzuk arakatu behar direla.
Diziplina askotako ikuspegitik, lan monografiko honek aztertzen du zenbateraino eta zein neurritan sor ditzakeen auzitan jartze estrategikoak gizarte zibilak bultzatutako aldaketa eraldatzaileak, erabaki judizial isolatuak gainditzeko. R.Y.S vs. Espainia kasua erreferentziatzat hartuta, lege esparruko estrategek auzian zehar kontuan hartu behar dituzten faktoreak identifikatzen ditu monografiak, legea aldatzeko eta politika publikoak hobetzeko.
Horrekin batera, gizabanakoek eskura dituzten nazioarteko auzitegi eta Nazio Batuen batzorde ugariak aztertzen ditu, bakarrik dauden haur migratzaileen eskura daudenei arreta berezia eskainiz. Era berean, foro juridiko egokiena hautatzeko irizpideak azaltzen ditu, auzilariek praktikan aurki ditzaketen erronka nagusiak aztertzen ditu, eta eragile ez juridikoak integratzeko modua analizatzen du, horien artean hedabideak edo gobernuz kanpoko erakundeak, estrategia osoa hobetzeko.
Azkenik, ezarritako estrategiak eraginik izan duen zehazteko eta, izan badu, eragin hori neurtzeko bitartekoak proposatzen ditu liburuak. Laburbilduz, analisi teorikoa eta ekarpen enpirikoak konbinatuz, monografiak beharrezko tresnak ematen dizkie akademikoei, giza eskubideen defendatzaileei eta politika publikoen arduradunei, bakarrik dauden haur migratzaileen eskubideen sustapenean auzitan jartze estrategikoaren eraginkortasuna maximizatzeko.


