Ugalde eta Telleria familiak omenduko dituzte San Martin egunean
San Martin auzoko garaikurra. San Martin Auzoa elkarteak San Martin eguna ospatuko du datorren asteartean, hilaren 11n. Auzoko kaleak giroz, musikaz eta tradizioz beteko dituzte, beste behin ere.
Aurten, Ugalde eta Telleria familiak omenduko dituzte Convent Gardenen egingo duten ekitaldian (12:30). Modaren munduari loturiko Donostiako merkataritzaren bi izen historiko dira. San Martin auzoko oroigarriarekin, haien ibilbide profesionala eta hiriko merkataritza ehunari egindako ekarpena aitortu nahi diete.
Egunak, ordea, ohiko beste hainbat jarduera izango ditu. 09:00etan hasiko dira txistularien dianarekin, eta, ondoren, odolki dastaketa egingo dute (13:30). Arratsaldean, berriz, Deutsche Schule eskolarekin batera antolatutako Laternenfest faroltxoen desfilea egingo dute (18:00).
San Martin eguna borobiltzeko, Txapelarte Enkantea egingo dute Londres Hotelean 19:30ean, Kapeldun Pasealekutik eratorritako egitasmo solidarioa. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen aldeko 20 txapel jarriko dira enkantean. Enkantea online jarraitu ahal izango da, eBay Solidarioaren bidez, eta bertaratzeko aldez aurretik konfirmazioa beharko da, edukiera arrazoiak direla eta.


