Añarbeko Urak: baldintza okerren aurrean, lanuzteak dira «soluzioa»
Añarbeko Urak enpresako langileen elkarretaratzea. Añarbeko Urak enpresako langileek adierazi dute bere lan baldintzen inguruko negoziazioak “oso egoera txarrean” daudela; hala, soluzio bat bilatzeko asmotan, lanuzteak egingo dituzte. Gaur egin dute elkarretaratzea, egoera salatzeko.
Langile horiek azpikontratatutako enpresa batentzat ari dira lanean —GOM Ansareo Infraestructuras SL enpresarentzat—, eta, diotenez, enpresa horrek beren lan baldintzak “okertu” nahi ditu, soldatak eta baldintza ekonomikoak murriztuz, langile kopurua gutxituz eta, aldi berean, lan karga handituz.
Langile horien eginbeharra uraren araztegiak, ponpaketa estazioak eta ur hodiak mantentzea da, eta baldintza kaskar horiek, beraiei ez ezik, ur horniduraren zerbitzuaren kalitateari ere egiten diote kalte; hala, hori aldatzeko negoziazioak “blokeatuta” daudela eta enpresak “proposamen zehatzik” egin ez duela salatu dute langileek.
Egoera horren aurrean, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egitea erabaki dute, eta, egoerak hobera egiten ez badu, adierazi dute ez dutela greba orokorra baztertzen, “ezin direlako isilik geratu”.


