Etxezarreta harategia da «urteko saltoki donostiarra»
Maria Kristina hotelean banatu dituzte Donostiako Merkataritza Sariak.San Sebastian Shops Donostiako Merkataritza Saria antolatzen du urtero San Sebastian Shops erakundeak, saltokiek beren egunerokoan egiten duten lana aitortzeko. Hala, lau modalitate saritzen dira: urteko saltoki donostiarra, merkataritza ibilbidea, saltoki jasangarria eta sortu berria. Maria Cristina hotelean egin dute sari banaketa, eta, aurten, halaxe geratu da kontua:
- Urteko Saltoki Donostiarra: Etxezarreta harategia
- Merkataritza-ibilbidea: Almacenes Jorge San Martin eta Regalos Clara.
- Saltoki Jasangarria: Txita eta Batllo Concept.
- Saltoki Sortu Berria: La Bahia Creativa eta Book & Glow.
Merkataritza txikia, erreferente
Sarien helburua, hala, “hiria ingurune erakargarri, desberdin eta lagunkoi bihurtzeko etengabe lan egiten ari diren saltokiak, merkataritzan erreferente izaten jarraitzea” da, San Sebastian Shopsen hitzetan. Jon Insausti alkateak, halaber, esker ona helarazi nahi izan die sarituei, “gertutasuna” transmititzeagatik.
Bertan izan dira, baita ere, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia. Hala, Hurtadok nabarmendu du merkataritza txikiari “laguntzen jarraituko dutela”. 2026ko aurrekontuan “baliabide gehiago” aldarrikatu dituela esan du, “hurbileko merkataritzaren euskarria indartzeko”.
Oiarbidek ere adierazi du saltoki txikiak “sektore estrategikoa direla” hiriarentzat, eta “izaten jarraituko dutela”; izan ere, txikizkako merkataritza enplegua % 1,4 handitu da. San Sebastian Shopsek adierazi du, horren harira, Donostiako bizitza ekonomiko eta sozialaren “funtsezko parte” den sektore baten “konpromisoa eta erresilientzia” erakusten duela horrek.


