Mediterraneoko uretan behera
Filma: LOS TIGRES
Zuzendaria: Alberto Rodriguez · Urtea: 2025 · Herrialdea: Espainia
Egungo espainiar zinemagintzako thriller egilerik finena izan daiteke, seguru asko, Alberto Rodriguez. La isla mínima-rekin (2014) egin zen batez ere ezagun, nahiz eta aurretik zuzenduak izan dozena erdi bat film. Ondorengo El hombre de las mil caras (2016) eta Modelo 77 (2022) lanek ez zuten hutsik egin, arrakasta areto komertzialetan zein kritikarien iritzietan bermatu baitzen.
Huelvako itsasadarrean girotutako drama familiarra dakar Los Tigres-ek, droga kontuak tarteko badaude ere, arreta gunea Antonio (Antonio de la Torre) eta Estrella (Barbara Lennie) neba-arreben harremanean jarriko baitu. Metaforikoki lotuko dituen zilbor hestearen bi ertzak dira: gizona urpekaria da, aita bezala; emakumeak hari eusten dio elkarrekin lan egiten duten gabarran. Familiarteko zauriak isilpean gordeta dituzte, itxi gabekoak, eta horiek pitzatu egingo dira istorioa eztandaraziko duen salaketa batek eraginda.
Desastre hutsa izanik, Antonioren emazte ohiak epaitegietara joko du alaben mantenurako dirurik pasatzen ez diolako, eta hau, egoera ekonomiko zaila bizi duela jakinik negozio zikinen tentaldian eroriko da. Gainbegiratzen duen itsasontzi erraldoi horietako batean trafikatzen ari diren kokaina lapurtu nahiko du, zorrak kitatzeko. Baina bihotza ahul du, eta urperatzeek arriskuan jartzen dute bere bizitza; arrebak, bere aldetik, ezin du hogei metro baino gehiago ur azpira jaitsi, zorabioen eraginez.
Istorioaren planteamendua argi aurkeztuta, Rodriguezek martxan jarriko du makineria narratiboa, bere egile izaera ondoen markatzen duten ezaugarririk adierazkorrenak baliatuz: espazioei ematen dien garrantzia eta tentsioaren mantenu eraginkorra. Portua, eta batez ere, itsaso zabalak erabateko presentzia hartuko du, istorioko pertsonaia sinboliko bilakatuz. Bertan gertatuko dira ekintza gehienak, eta nahi eta nahi ez, zuzenean eragingo du pertsonaien psikologian. Iraganaren aztarna da, orainaldian ilunduko den itzala. Anai-arreben maskarak azaleratuko dituena.
Mediterraneoko uretan behera ikusiko dugu Antonio behin eta behin; gabarran hari lotuta, Estrella. Linternak argiztatutako eremu murritzari emana. Sakona da itsasoa, eta zehatza bertan eman dezakeen denbora. Bada, tentsio handiko momentuak izanik, Rodriguezek gehiegikeriara jo gabe eutsiko dio, neurrian, ikus-entzulea beti zuhur gera dadin. Arnasa hartzera igotzerakoan ere, bere horretan jarraituko du filmaren tonuak, alerta egoera konstantean maisuki atsedenerako tarterik eskaini gabe, Los Tigres thrillerra maila gorenera eramanez.


