30 urteren ondoren, Rosa Zarrak bere plaka ofiziala dauka Amara Berrin
Donostiako Udalak Rosa Zarraren omenezko plaka ofiziala jarri du larunbat eguerdian Amara Berriko Olaeta plazan. 30 urte bete berri dira Rosa Zarra donostiarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik.
Rosa Zarraren omenezko plaka.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak Rosa Zarra donostiarraren (Rosi, gertukoentzat) omenezko plaka ofiziala jarri du gaur, hilak 8, Amara Berriko Olaeta plazan, motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildako pertsonak hiriko espazio publikoan omentzeko dinamikaren barruan. 12:00etan izan da plaka inauguratzeko ekitaldi xume eta hunkigarria, ohiko legez, Jon Insausti alkatearen, udal taldeetako ordezkarien eta Zarraren senideen parte hartzearekin. Plaka ikusgai jarri eta lore eskaintza egin dute, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak Zarra polizia indarkeriaren biktima gisa aitortu eta zazpi hilabetera heldu da udalaren omenaldia. Familiak keinua eskertu du gaur: “Aitortza hau amaren irudia duintzeko eta gure bihotzetan utzi zuen zauria sendatzeko beste aukera bat da; Donostiak zor zion”.
Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, Anoeta estadiotik gertu Ertzaintzaren pilotakada bat jaso eta zortzi egunera. Ertzaintzak oso distantzia gutxira egin zion tiro, sabelean, eta Zarraren gertukoek zein gizartearen zati handi batek hasiera-hasieratik salatu zuten pilotakada horrek eragin ziola heriotza. Aldiz, Eusko Jaurlaritzako orduko agintariek behin eta berriro esan zuten “arrazoi naturalengatik” hil zela donostiarra, urte batzuk lehenago giltzurrun bat transplantatu ziotela eta. Hala, horrek eragindako ezinegona aipatu du familiak gaurko ekitaldian: “Tristura, hutsunea, haserrea, ezintasuna, frustrazioa sentitzen dugu, eta, batez ere, agintariek gure amarekiko erakutsitako mespretxuarengatik sentitutako mina”.
Senideek beti defendatu zuten, ordea, pilotakada jaso zuenean osatuta zegoela, eta hala adierazi zioten hedabide honi ere ekainean, Zarraren heriotzaren 30. urteurrenaren bueltan egindako erreportajean. Era berean, Alesander Elosegi Mendizabal mediku nefrologo donostiarrak ere hasieratik gezurtatu zuen, publikoki, “arrazoi naturalen” bertsioa: “Hala egokitzen zitzaidan, nire lanaren parte zen. Ezin nuen isilik gelditu”, esan zion IRUTXULOKO HITZAri, aipaturiko erreportajean.
Bertsio ofizialak Ertzaintzaren ardura ukatu du 30 urtez, baina Zarraren senideak ez dira etsi hiru hamarkadotan, egia ofizialaren bila. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak aurtengo martxoan ebatzi zuen, ofizialki, jakina zena: Zarra Ertzaintzaren pilotakada horren ondorioz hil zela. Aitortza ofizial horrekin “pozik” agertu ziren senideak, baina 30 urtez kontatutako gezurren inguruko esku hartzerik egin ez izana botatzen dute faltan, hedabide honi ekainean azaldu ziotenez: “Kontatu ziren gezur guztien inguruan ez da hitz egiten, ezta errudunez eta gauzak ondo egin ez zituztenez ere”. Gaur, hala, berriro gogoratu dute zein den beraientzat, benetako erreparazioa: “Gezur horien aitortza publikoa, ardura hartzea eta barkamena eskatzea”.
Ez errepikatzeko bermea zalantzan
“Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea” da giza eskubideen urraketei aurre egiteko prozesuetan behin eta berriro errepikatu ohi den esaldia, baina, Zarraren kasuaren harira, zalantzagarria da “ez errepikatzeko bermea” betetzen dela. Izan ere, Ertzaintzaren indarkeriak ondorio larriak izaten jarraitzen du: “Aitortza bai, eman digute, baina jarraitzen dute halakoak gertatzen. Bileran esan genien [Eusko Jaurlaritzako ordezkariei], ez direla bermatzen ari ez errepikatzea. Hor dago, besteak beste, Iñigo Cabacasen kasua. Amaia Zabarterena ere gertatu berri da, eta agintarien jarrera ukazioa izan da hasieratik”, salatu zuen Zarraren alaba Maider Irazustak ekaineko erreportajean.
Cabacas eta Zabarte ez dira kasu bakarrak, ordea. Berrienak aipatzearren: Aritz Ibarrari masailezurra hautsi zioten duela hiru aste eskas, Gasteizen, pilotakadaz eta Iker Aranak barrabil bat galdu zuen apirilean, pilotakadaz, baita ere. Horregatik, Zarraren senideek argi dute ez direla aitortzarekin soilik konformatuko: “Faltan botatzen ditugun gauzak daude, eta hori salatzen jarraituko dugu, amaren kasutik harago”.
Udalaren plakak
Zarrarenarekin, 37 izango dira dagoeneko udalak Donostiako espazio publikoan motibazio politikoko indarkeriaren biktimen omenez jarritako plakak; duela bi legealdi abiatu zuten egitasmo hori. Motibazio politikoko indarkeriaren Donostiako biktimen datuak jaso zituen IRUTXULOKO HITZAk ekainean, erreportaje batean.
37 plaka horietako 29 ETAren biktimen omenezkoak dira, hiru Komando Autonomo Antikapitalisten biktimen omenezkoak —Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero—, bat DRILen biktima Begoña Urroz Ibarrolaren, bat Batallon Vasco Españolen (BVE) biktima Maria Jose Bravo del Valleren omenezkoa eta hiru Poliziaren ekinbidearen biktimen omenezkoak —Joseba Barandiaran Urkola, Mikel Zabalza Garate eta Rosa Zarra—.
Plaka ofiziala duten ETAren 29 biktimak hauek dira: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta, Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes, Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moises Cordero, Lorenzo Motos Rodriguez, Santiago Oleaga Elejabarrieta, Gines Pujante Garcia, Juan Bautista Peralta Montoya, Miguel Orenes Guillamont eta Diego Fernandez-Montes.
Joseba Parron argazkilaria gaurko ekitaldian izan da:


