Esan sindikatu polizialak Rosa Zarraren aitortzaren aurka egin du: «Lotsagarria eta justifikaezina»
Donostiako Udalak asteburuan Zarraren omenez jarritako plaka kentzeko eskatu dute.
Rosa Zarraren omenez jarritako plaka ofiziala. Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak Rosa Zarra Marin donostiarraren omenezko plaka ofiziala jarri zuen larunbatean Amara Berrin, polizia indarkeriaren biktima gisa aitortuz. Eusko Jaurlaritzak ofizialki biktima gisa aitortu eta zazpi hilabetera heldu da udalaren omenaldia, Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik 30 urte bete diren urtean. Aitortzaren aurrean, aldiz, haserre agertu da Esan sindikatu poliziala, Ertzaintzako bigarren sindikatu indartsuena (Erne da lehenengoa), eta, besteak beste, plaka “berehala” kentzeko eskatu du.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak auzia sakonki ikertu du aurten, baita Zarra, senideek eta gizartearen zati handi batek beti defendatu zuten moduan, 1995eko ekainaren 22an sabelean jasotako Ertzaintzaren pilotakadaren ondorioz hil zela ondorioztatu ere. Hala ere, bertsio ofizialak 30 urteotan mantendu duen gezurrari eusten dio Esan sindikatuak, euren arduradun politikoen aurka eginez: “Lotsagarria eta justifikaezina” da aitortzaren erabakia Esanen ustez, ez dagoelako Zarra polizia indarkeriaren ondorioz hil zenaren aldeko “sententzia judizialik, ez froga berririk, eta garaiko justiziak eta agintariek akreditatutako gertakariekin kontraesanean dagoelako”.
“Erabakia Ertzaintzaren aurkako eraso instituzionala da”, gaineratu dute, gaztelania hutsean zabaldutako ohar batean: “Arestiko memoriaren manipulazio politiko bat da, eta irain onartezin bat Euskadi ohorez, zorroztasunez eta sakrifizioz defendatu duten profesionalen aurka”. Gogoratu behar da, aldiz, Zarrarena ez dela kasu isolatua izan, eta 30 urteotan ondorio larriak izaten jarraitu duela Ertzaintzaren indarkeriak: Iñigo Cabacasen heriotza, Amaia Zabarte pairatzen ari den ondorio larriak eta abar.
Horrela, aitortzarekin, Jaurlaritzak bere “neutraltasuna hautsi” duela uste du sindikatuak, eta “erantzukizun politikoak” exijituko dituela iragarri du, baita “atzera egite publiko bat eta manipulazio instituzionalaren amaiera” ere. Ildo beretik, udalak asteburuan jarritako plaka “berehala” kentzeko eskatu du.


