Justizia klimatikoari eta generoa izango dituzte hizpide
Mundubat Fundazioak justizia klimatikoari eta generoari buruzko topaketa egingo du bihar, Donostian duen egoitzan (18:00) –Ametzagaña kalea, 19, behea atzealdea—.
Aipaturiko bi arazo estrukturalen eta globalen arteko lotura komunei buruzko eztabaida prestatu dute. Liliana Ulchur Kolonbiako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Federazio Nazional Sindikal Unitarioko kideak eta Farapi Kooperatiba elkarteko ordezkariek parte hartuko dute.
Klima aldaketa ekosistemen oreka energetikoen haustura da, desoreka klimatikoa eta tenperatura normalen aldaketa artifiziala, ingurumenean eragina duena. Hori guztia ekoizpen sistemari eta gorputzen, herrien eta lurraldeen ustiapenari lotutako erabakien emaitza da.
Natura aberastasun mugagabea sortzeko bitarteko gisa erabiltzen da, desberdintasunak eta kalteberatasunak sortuz. Sistemak munduko biztanleriaren zati bat zapaldu eta baztertu behar du bizirik irauteko, patriarkatuaren bidez paradigma neokolonial arrazista eta baztertzailea indartuz. Klima aldaketa ingurumen arazo bat izateaz gain, inplikazio sozioekonomikoak eta giza eskubideen gainekoak ditu, eta bereziki eragiten die egoera ahulenean eta baztertuen dauden komunitateei.
Kolonbiako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Federazio Nazional Sindikal Unitarioa herrialde hartako sindikatuen eta nekazari txikien ligen federaziorik handiena da. Herrialde horretan, bere lana funtsezkoa izan da nekazaritza erreformaren aldeko borroka bultzatzeko. Bestalde, Farapi Kooperatiba Elkartea gizartea eraldatzeko aholkularitza enpresa eta kooperatiba feminista da, eta prozesu parte hartzaileak bultzatzen ditu. Gune honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du.


