'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala ostiralean iritsiko da zinema aretoetara
'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala. Donostiako 73. Zinemaldian estreinatu ostean, ostiral honetan (hilak 14) iritsiko da zinema areto komertzialetara Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala (Inge Mendioroz, 2025). Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahalko da hilaren 14tik aurrera, eta 2026ko urtarrilean iritsiko da Ipar Euskal Herriko zinemetara. Donostian, Principe aretoan egongo da ikusgai ostiraletik aurrera, eta, horrez gain, abenduaren 3an Intxaurrondon proiektatuko dute, Euskararen Egunean.
Zinemaldiko Zinemira saila ireki zuen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak, Inge Mendioroz Ibañezek zuzendutakoak. Maluta* Films ekoiztetxeak ekoitzi du lana, EITBren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedraren (EHU) babesarekin. Era berean, IRUTXULOKO HITZAk ere proiektua babestu du, beste hainbat euskal produkziorekin egin izan duen moduan.
Inge Mendiorozen (Andoain, 1973) bigarren ez fikzioa da aipaturiko lana. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatuz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ondu du zuzendari eta muntatzaile gipuzkoarrak, Euskal Herriko kantagintzaren ikur honen bizitza beste ikuspegi batetik kontatzen duen biografia.
“‘Euskal Herriaren nobia’, ‘Joan Baez euskalduna’ eta ‘Ez Dok Amairuren musa’ deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Berari buruz hitz egiten ala idazten denean, oraindik ere aipatzen dira termino hauek. Garai baten oihartzun direnak, kalterik egiten ez duten klixe vintage batzuk balira bezala. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gain, ez dute gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbiltzeko, aurreko lana eta gerora egindakoa desagertuz”, gaineratu dute egileek.
Horrez gain, nabarmentzekoa da filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.


