San Bartolomeko horma «lorategi bertikal handi batekin» estaltzea proposatu dute
San Bartolome herritarren plataformaren proposamena.an Bartolome herritarren plataforma Gaur goizean, agerraldia egin du San Bartolomeko herritarren plataformak udaletxean, Elkarrekin Donostiaren bidez. Hain zuzen ere, Victor Lasa bozeramaileak hartu du hitza San Bartolomeko muinoaren etorkizunari buruz galdegiteko.
Udal gobernuari eskatu dio gardentasuna, erantzukizuna eta herritarren partaidetza bermatzeko. Horrekin batera, Lasak proposamen berri bat aurkeztu du: San Bartolomeko horma lorategi bertikal batekin estaltzea. “Parkea berreskuratzeko lehen urratsa litzateke”, nabarmendu du.
Bozeramailea kritiko agertu da Eneko Goia aurreko alkatearekin, eta baita izendatu berri duten Jon Insaustirekin ere: Ez zuen ez irtenbiderik bilatu ez azalpenik eman proiektuaren egoerari buruz, eta alkate berriak ere ez du interesik erakutsi, ezta bere lehentasunen artean jarri ere. Oraindik ere onartezina den gardentasun faltan eta ziurgabetasunean gaude”. Horrekin batera, gogoratu nahi izan du EAJk “hamar urtez defendatu eta bultzatu” zuela San Bartolomeko merkataritza gunea. “Gaur egun, haien argudio bakarra da gezurra esatea. Proiektua Odon Elorzak sartu zuela diote, baina erabat faltsua da”.
Lorategi bertikala
San Bartolomeko lorategi bertikalaren xehetasunak ere eman ditu Lasak, plataformaren izenean. Proiektuak interbentzio ekologiko, jasangarri eta eskuragarria proposatzen du, eta harresia, 130 metro luze eta 31 metro altu artekoa, “Donostiako hirigunean erreferente berde eta sinboliko bihurtuko luke”.
Diseinuak landare igokariak, iratzeak, goroldioak eta lore txikiak uztartuko lituzke, airea garbitu, biodibertsitatea sustatu eta hiriaren erdigunea edertzeko helburuarekin, zementuzko kartel handiak kentzeaz eta inguruko zuhaitzak hobetzeaz gain.
Lorategi bertikala 2026ko udaberrian has litekeela esan du Lasak, “parkea gauzatzeko aurreko fase moduan, paisajista baten zuzendaritzapean, eta arte lehiaketa nazioarteko bat antolatzeko aukera ere zabaldu litekeela”. Plataformako presidente Elena Martinez de Murgiak gaineratu duenez, “teknikari eta adituekin izandako elkarrizketa prozesu baten emaitza” da proposamena.


