Zabaltza Etxearen itxierari buruz galdetuko dio EH Bilduk alkateari
EH Bilduk “kezkaz” jaso du Gros auzoko Zabaltza jubilatuen etxea ixteko asmoa; “udal gobernuak presaz eta alternatibarik eskaini gabe, iragarri du itxiera, amaiera emanez 40 urte luzeetako jardunari”. Zuzendaritzako kideekin egindako bileran berretsi dute “egoeraren larritasun” eta udal gobernuak hilaren 17ko batzordeetan azalpenak eman ditzan, Jon Insausti alkateri zuzendutako interpelazio bat erregistratu du.
Joan den astean ezagutarazi zuten Zabaltza Etxeko arduradunek irtenbiderik topatu ezean, abenduaren 22an behin betiko itxi beharko dituztela ateak. EH Bilduko ordezkariek elkarteko zuzendaritzako kideekin bilera egin dute, eta bertan, berretsi dute “egoeraren larritasuna”. “Egoera kezkaz bizi dugu guk ere, izan ere, ukaezina da elkarteak lan sozial handia egiten duela auzoko adinekoentzat, eta hori ezin dela desagertu Gros auzoko erretiratuek dituzten beharrei egokitutako benetako alternatiba bat eskaini gabe”. Are gehiago kontuan izanda, 2022ko Analisi Demografikoaren Txosteneko datuen arabera, Gros dela, batez besteko adinik zaharkituena duen auzoa, biztanleen %31,8k 65 urte baino gehiago baititu. Gainera, Zabaltza Etxea da auzoko erretiratu elkarte bakarra.
Alderdi abertzalek ordezkariek gehitu dute egoera “harrigarria” dela, gobernu taldeko alderdiek GOe eraikitzeko ekipamendu partzela bat laga dutela auzoan bertan. “Hau da, auzoaren beharrak betetzeko ekipamendu partzela bat lagatzen da, aldi berean, Zabaltza Jubilatuen Etxea instalatzeko alternatiba egokirik gaur egun ez dutela esaten dutenean”. Hori horrela, honako galderak luzatuko dizkiote alkateari.
– Zer dela eta agintzen da Gros auzoko Zabaltza Jubilatuen Etxea ixtea, aldi berean haien beharretara egokitutako irtenbide alternatiborik eskaini gabe?
– Zergatik jakinarazi zaie itxiera halako presarekin, horrekin alternatiba egokiak bilatzeko aukera zailduz?
– Alkatearen ustez, jarraitutako prozedura egokia al da herritarren beharrak kudeatzeko eta, zehazkiago, Zabaltza Elkarteko kideenak kudeatzeko? Kasu horretan, zer egin asmo duzu?


