Begiradak: zinemari keinu, azaroaren 17tik aurrera
Antzoki Zaharra.Beñat Parra Zinemari begirada zuzen bat botatzeko zinemaldia antolatu du, beste behin eta hamaikagarrenez, Ikertze elkarteak Donostian: Begiradak du izena, eta zinema amateurraren nazioarteko jaialdi gisa definitzen dute. Azaroaren 17tik 28ra bitarte, proiekzioak, foroak eta saio bereziak egingo dituzte Principe zineman, Tabakaleran (2DEO) eta Antzoki Zaharrean.
Ikasleen edota autore ez profesional independenteen zinemari aukera bat emateko sortu zen jaialdia. Hala, zinema adierazpen artistiko gisa ezagutarazten du, eta zinegile amateurren eta profesionalen arteko topaketak ahalbidetzen ditu. Beraz, zinemaz harago, hezkuntza, kultura eta artea uztartzen ditu.
Sailak eta publikoa
Aurtengo aldian, 500 filmetik gora jaso ditu antolakuntzak, eta hautatuak bi sailatan banatu dituzte: 25 Sail Nagusian emango dituzte, eta 12 Panorama sailean. Lan onenek Kontaidazu hiria saria jasoko dute.
Publikoa, ordea, berezia izango da: Gipuzkoa osoko 18 ikastetxeetako 1.300 ikasle baino gehiagok disfrutatu ahal izango dituzte filma horiek. Proiekzioak amaitzean, hala, zinemaren munduko profesionalekin solasaldia izango dute: Aizpea Goenaga (interpretazioa), Maria Fontan (zinema zuzendaritza), Xabi Ortiz, Deiane Olaizola (soinua), Ander Lacalle (interpretazioa), Unai Guerra (diseinua eta postproduzkioa), Nuria Casal (arte plastikoak) eta Kepa Olano (argazkilaritza).
Zinema eta hezkuntzaren arteko lotura
Zinemaldiaren ekuadorrean, Zinema eta Hezkuntzari buruzko Foroa egingo dute; adimen artifizialak ikasteko, irakasteko eta sortzeko modua nola aldatu duen landuko dute. Bi hizlari izango ditu foroak; alde batetik, Rakel Gamito hezkuntza zientzietan doktorea, internet erabiltzeko ohiturak aztertu baitzituen bere tesian. Eta, bestalde, Joan Gonzalez, ikus entzunezko sektorean karrera oparoa duen muntatzaile, zuzendari eta ekoizle exekutiboa.
Hilaren 28an, ostiralarekin, emango diote amaiera jaialdiari, Antzoki Zaharrean, Santi Ugalde, Garazi Urkola, Ion Sagarzazu, Maitane Picabea, Gemma Martínez, Vito Rogado eta Ander Lacalle aktoreek taularatutako antzezpenarekin. Hilaren 3az geroztik daude sarrerak salgai, antzokiko eta Viktoria Eugeniako leihatiletan.


