Gipuzkoako Aldundian administrari izateko euskara jakitea ez dela beharrezkoa ebatzi dute
LABek eta ELAk aldundiaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea.LAB Ehun administrari postu egonkortzeko, 2023an Gipuzkoako Foru Aldundiak lan deialdi bat abiatu zuen. Martxoan, ordea, Donostiako auzitegi batek kontrako ebazpena eman zuen hizkuntza irizpideengatik. Izan ere, lanpostu guztiei ezarri zitzaizkien euskara ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak. Efe albiste agentziak jakinarazi eta Berria egunkariak jaso duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ezeztapen hori sententzia batean.
Epai horren arabera, aldundiak ez du argudiatu “ezinbestekoa” dela lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hala jaso du: “Ezin dugu ahaztu eskubide horrek bat egin behar duela enplegu publikoan berdintasunean sarbidea izateko eskubide oinarrizkoarekin”.


