Udalinfok ateak ireki ditu udaletxean
Udalinfo Arreta Bulegoa, udaletxean.Nagore Garmendia Gaurtik aurrera (hilak 12), Eason eta Goikoa jauregian kokatutako Arretarako Bulego nagusien ateak itxi, eta Ijentea kaleko 1. zenbakian, udaletxeko beheko solairuan jarri dute Udalinfo zerbitzua. Bertan zentralizatuko dira gehien eskatzen diren zerbitzuetako batzuk. Gaur hasi da martxan arreta zerbitzua, 09:00etan.
Udaletxea “herritarrentzako erreferentziazko leku” gisa definitzen du Jon Insausti alkateak; horregatik, kokatu dute Udalinfo udaletxean. Gune zabalago batean, kaletik pauso batera, eta horrek “arretaren kalitatean” aldaketa nabarmenak ekarriko ditu, udalaren ustetan: “Gehiago eta hobeto entzun nahi ditugu donostiarrak, eta ahalik eta harrera hobea egiten baliatu nahi dugu gure hiriaren bihotzean, toki sinbolikoan, erreferentziazko lekuan, udaletxearen eraikuntzan bertan”. Hala, adierazi nahi izan du “udaletxeko ateak zabalik daudela herriarentzako” eta garai berrietara egokitzeko “gune egokia” iruditzen zaiela.
Antolaketa
60 langilek eta 22 postu aktibok osatzen dute bulego berria, eta beste 25 gehitzeko aukera ere badago. Eason eskaintzen ziren zerbitzuak bertan eskainiko dituzte orain, eta bi zerbitzu berri gehituko dituzte: zerga bilketa eta errolda, eta hirigintzako harrera.
Arreta zerbitzuaz gain, lan espazio bat ere izango dute bulegoek, telefono bidezko arretarako eta barne zerbitzuetarako; espazio horrek hamasei postu izango ditu. Herritarren Partaidetzarako zerbitzuak ere bertan egongo dira, bi pertsona horien atzean egonda. Autotramitazio makina ere eskuragarri jarriko dute.
“Entzuteko eta erantzuteko konpromisoaz” aritu da Insausti; hala, zerbitzu fisikoaz gain, telefono bidezko eta online zerbitzua eskainiko dute, baita WhatsApp kanal bat ere, komunikazioa “zuzena eta azkarra izan dadin”.
Hitzordua eskatzea, gomendagarria
Gaurtik aurrera, udaletxeko bulegoek Morlanseko eta Altzako bulegoekin batera emango dute arreta zerbitzua, 09:00etatik 14:00etara. Udaletxekoa, ordea, 16:00etatik 18:00etara ere irekita egongo da.
Ez da derrigorrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea, baina bai gomendagarria. Hitzordua donostia.eus/udalinfo webgunean hartu daiteke, edo 010 telefonora deitu, arreta zerbitzuetarako.


