Adingabe bat atxilotu dute segurtasun jagole bati eraso egitea egotzita
Bi ertzain, patruilatzen. Artxiboko irudia.Irekia Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen asteartean portu inguruan segurtasun jagole bati labana batekin eraso egitea egotzita. Gertakaria 23:30ak aldera jazo zen Aquariumeko terrazan. Segurtasun jagole batek sei gazteko talde bati eskatu zion handik joateko, baina haiek ez zioten jaramonik egin. Gazteetako batek ukabilkada bat eman zion jagoleari eta ondoren, arma zuri batekin besoan zauritu zuen. Ondoren, Urgull mendirantz ihes egin zuten.
Ertzaintzak minutu gutxira topatu zituen, lau San Telmo inguruan eta bi portutik gertueneko irteeran. 16 eta 19 urteko gazteak dira, bi adingabekoak. Ertzainek jakin zutenez, lesioak eragin zituena ustez 16 urteko gazte bat da. Atxilotua eta adinez nagusi diren beste lau gazteak polizia etxera eraman zituzten deklaratzera. Eginbideak amaitu ondoren, ustezko erasotzailea aske utzi zuten, Adingabeen Fiskaltzak noiz deituko zain dago; segurtasun jagolea, berriz, Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten lesioak sendatzera.


