Donostian asteburua aprobetxatzeko hiru proposamen
Gorka Urbizu musikaria.Donostia Kultura Astebururako plan bila zabiltza Donostian? Kultur eta aisia jarduera eskaintza zabala aurkituko duzu gure agendan, eta, gainera, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu hurrengo lerroetan.
Ostiralerako (hilak 14), musika gomendio bat egingo dizuegu. Izan ere, Gorka Urbizu euskal musikari ezaguna bira itxiera egiten ari da egunotan Viktoria Eugenia antzokian. Sarrerak agortuta daude, baina itxaron zerrendan izena eman daiteke. Ostiralean ez ezik (19:30), ostegunean, larunbatean eta igandean ere joko du Urbizuk.
Larunbatean (hilak 15), Añorgara joatea da gure proposamena. Izan ere, Añorgako Gazte Asanblada bere 35. urteurrena ospatzen ari da, eta egitarau zabala prestatu dute: belaunaldien arteko futbol partidak jokatuko dituzte 11:00etan. 12:30ean, bermut tematikoa egingo dute, eta bazkaritara pasatuko dira zuzenean, 14:30ean. Bazkalosteko bingoa izango dute ondoren, 15:30ean, 17:00etan berriro parranda hasiko den arte: “karropoteoan” zeharkatuko dituzte kaleak, Dj Fan-en eskutik. 20:00etan afariak, eta 21:30ean hasiko dira kontzertuak: Skaregasko, Lukiek eta Mr Lukenek beteko dute oholtza.
Azkenik, igandean (hilak 16), Tabakalerara joatea da gure gomendioa, Labo XL dantza jaialdia egingo baitute bertan ostegunetik igandera. Jaialdia ixteko, hainbat ekitaldi interesgarri antolatu dituzte, eta jaialdiaren webgunean daukazue egitarau osoa.
Bonus track. Hurrengo astean zehar ere hainbat kultur jarduera daude antolatuta hirian, eta bi gomendatuko dizkizuegu: Nola hauspotuko dugu euskararen pizkunde berria? mahai ingurua antolatu du Euskal Herrian Euskarazek San Telmo museoan asteartean (hilak 18) alde batetik, eta Bizirauten 2.0 elkarrizketa saioaren itzulera antolatu dugu IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkartean ostegunean, Tabakalerako Taba kafetegian, Nagore Legarreta eta Joseba Parron argazkilariekin; Andrea Bosch argazkilari eta kazetariak gidatuko du saioa.


