Gaztea Maketa Lehiaketako finala konkistatu du Zeatikez taldeak
'Esan ez genuena' da Zeatikez talde donostiarraren lan berria.Zeatikez Ibilbide motz baina oparoa ari da ontzen Zeatikez talde donostiarra; lehen diskoa atera berri duten honetan, Gaztea Maketa Lehiaketan beren hautagaitza aurkeztu zuten, eta finalera iritsi dira: hala, laugarren postuan geratu dira.
Hilaren 20an, ostegunarekin igoko dira finalista guztiak Gasteizko Jimmy Jazz aretoko oholtzara, eta emango dituzten sarietakoren bat eskuratzeko aukera izango dute denek: sari potoloa, ordea, finalean bertan emandako zuzeneko ikuskizun onenak eramango du: 5.000 euro eta Bilbao BBKLive jaialdian jotzeko aukera. Harrobia Saria ere emango dute; honek talentu gazteak saritzen ditu, Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera emanez. Azkenik, Entzuleen saria; webgunean bozka gehien jaso dituen taldearentzat 2.500 euroko saria da, eta Zeatikezek jasoko du.
Finala streaming bidez ikusteko aukera egongo da, 20:30ean, Gazteako YouTubeko kanalean.


