Txistu eta abesbatza kontzertua egingo dute Santa Zezilia ospatzeko
Santa Zezilia eguneko kontzertua, udal batzar aretoan.Donostiako Udaleko txistularien taldea Musikarien patroiaren ospakizunak, Santa Zezilia egunak, urtero pizten ditu kontzertu ugari hilaren 22aren inguruan. Donostian, beste urte batez, Donostiako Udalaren txistularien taldeak eta Santa Zezilia Koralak, Donostia inguruko txistularien laguntzaz, bat egingo dute ospakizunaren iragarle. Ekitaldia, igandean, hilaren 16an, izango da Donostiako Udaletxeko areto nagusian, 12:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da edukiera bete arte.
Bi taldeak bakarka zein elkarrekin ariko dira askotariko obrez osaturiko programa eskainiz. Txistulariek emango diote hasiera emanaldiari Bonifazio Laskurainek Santa Zeziliari eskainiriko kalejirarekin, eta jarraian, Leandro Zabalaren bi doinu eskainiko dituzte. Hala nola, Lander eta Zumaia izango dira Zabalaren jaiotzaren 150. urteurrena gogora ekarriko dituzten piezak. Beraien atala Adiskide euskorra eta Birigarroa lanekin amaituko dute txistulariek. Bi pieza horiekin bi txistulari omenduko ditu emanaldiak: lehenengoan Iñaki Sagastume, 2025 zendu den txistulari adiskidea; eta bigarrena, txistulari taldeko zuzendari izan zen Isidro Ansorenari, bere heriotzaren 50. urteurrenean.
Ondoren, Santa Zezilia Koralaren txanda izango da. Laida Otaduiren zuzendaritzapean abesbatza hutserako errepertorioa entzuteko aukera eskainiko du taldea. Honako obrak eskainiko dituzte saioan: Kaia barrenean, Boga boga, Alegeratzen, Xarmangarria, What a wonderful world eta I’m gonna sing.
Kontzertua amaitzeko bi taldeek elkar hartuko dute oholtzan. Lehenengo, Isidro Ansorenaren Mendi aldera joko dute; jarraian, David Azurzaren Katalintxu eta Andrew J. P. Keelanen Axeri dantza; eta musikarien patroiren ospakizun kontzertua festa giroan amaitzeko, Pablo Sorozabalen Gabiltzan kalez kale eskainiko dute.
Azken pieza horretan ere Donostiako Musika eta Dantza Eskolako txistu ikasleak eta Donostia eta inguruetako txistulariek ere parte hartuko dute. Udalaren txistulari taldeak eta musika eskolak helburu nagusitzat dute ikasleek eskoletan ikasitakoa kalean eta oholtzan erakutsi ahal izatea, eta beste behin, horretarako aukera izango dute kontzertuan.


