Eserleku bat zerumugan
Badaude bilatu ez eta aurkitzen gaituzten altuerak; hor geratu ezin garen arren, guri espresuki punturik altuenean eskaini dizkiguten eserlekuak. Eta eutsi gaituzte hor.
Leku batzuk daude nigan, zuk begiratu dituzulako soilik existitzen direnak. Zuk eseri nauzu bertan, zuk eutsi, eta elkarrekin aritu gara jira eta bira. Eta lurrera iristean egin dugu salto berriro, zerua ez dagoelako altu hegan egin nahi dutenentzat.
Eta ez dakit zer duen mugimendu zirkularrak, denak biratzen jarraitu arren, nire zati bat zerura begira gelditu dela, ezinezko bat ukitu balu bezala. Ez du asko irauten; mundua gelditzen den une horretan paralizatu da dena, biratzen jarraitu baino lehen.
Iheskorra, eutsiezina, saihestezina.
Askatu dugu giltzarrapoa, zapaldu dugu lurra eta zeruaren parekoa da, oraindik ere.


