Genesitik taupadetara, murgiltze bat Nisa Goibururen obran
Nisa Goiburu artistak (Ordizia, 1946) 50 urtetik gorako ibilbidea egin du, eta bere obraren zati handi bat ikusgai dago egunotan Donostian. Zehazki, Egiako bi espaziotan, bata bestearengandik 600 metro eskasera: 'Génesis' eta 'Latires'.
Paul Bihr galerista eta Nisa Goiburu artista, Sakana galeriako 'Génesis' erakusketan.Beñat Parra Ordiziarra jaiotzez eta urte luzez Tolosan bizitakoa, Donostiarekin harreman estua izan du gazte-gaztetatik Nisa Goiburu Mendizabal artistak. Besteak beste, Gaur artista talde historikoak antolatzen zituen jarduera guztietan parte hartzen zuen, artearen munduan murgildu nahian: «Julio Campal poeta uruguaitarraren hitzaldi bat gogoratzen dut, literaturari eta lengoaiari buruzkoa, liluratuta utzi ninduena; bizitza aldatu zidan. Gerora, harremana eduki nuen taldeko askorekin», kontatu du Goiburuk. Hain zuzen ere, Gaur taldearen bueltan antolatutako erakusketa batean jarri zituen bere margolanak jendaurrean ikusgai estreinakoz, beste artista batzuekin batera, 1966an. Ordutik, nekaezin, ez dio artea sortzeari utzi.

Nisa Goibururen estudioa irudikatu du Bihrrek Sakana galerian, Goibururen koadroen artean.Beñat Parra
Ordea, ez du inoiz merezitako aitortza jaso: «Urte luzez, ahaztuta egon da, Gaur taldearen artista garaikidea eta taldeko guztiekin harremana izan bazuen ere; emakumeek orain baino zailtasun askoz handiagoak zituzten orduan», nabarmendu du Paul Bihr Egiako Sakana arte galeriako arduradunak. «Jorge Oteizak nire errealismo magikoaz hitz egiten zuen, eta Jose Antonio Sistiaga liluratuta gelditzen zen estudiora etortzen zenean», gaineratu du Goiburuk berak.
Orain bere obra «ahaztu» horren zati handi bat ikus daiteke Egian, elkarrengandik oso gertu dauden bi espaziotan: Génesis erakusketa jarri du Sakana galerian bertan eta Latires erakusketa, Gladys Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.
Gaur taldearen bueltan antolatutako erakusketa batean jarri zuen bere obra jendaurrean ikusgai estreinakoz Goiburuk, 1966an
Errealismo magikoa
Oteizak horren gustuko zuen errealismo magiko hori du hizpide Sakana galeriako erakusketak. Goiburuk dioenez, artista askok estudioan euren miresmena adierazi izan diote koadro horiengatik, baina galeristek ez dute inoiz interes berezirik agertu, Bihr iritsi zen arte: «Nisaren obrarekin ibilbide hau osatu dut, oso garrantzitsua iruditzen zaidana, nagusiki, maila humanoan. Izan ere, uste dut jendeak ahaztu ohi duela artistak pertsona direla lehenengo eta bizitza historia bat dutela. Horregatik, Nisaren bizitza ilustratzen duen ibilbide bat egin nahi izan dut erakusketan, bere influentzia eta etapekin. Jendeak Nisaren artea ezagutu eta ulertzea da helburua», azaldu du Bihrrek, galeriako arduraduna izateaz gain, erakusketaren komisario lanak ere egin dituenak. 1960ko hamarkadatik 2010eko hamarkadara arteko hainbat obra ikus daitezke Sakanan, Goibururen bizitzaren pasarte desberdinak islatzen dituztenak: «Nisaren arteaz, gustatzen zait liburu ireki baten modukoa dela, bere bizitza istorioak kontatzen dizkizula», dio Biharrek.
Zer da, ordea, errealismo magiko hori? Goiburuk honela azaldu du: «Errealismo magikoa da errealitate magnifikatu bat, mundu magikoari heltzen diona. Mundu magikoa da ikusten ez duguna, eta ikusten duguna eta ikusten ez duguna uztartzen ditut nire obran». Gaineratu duenez, koadro bakoitzaren atzean hilabeteko lana egon ohi da, egunean bost bat ordu eskainita margotzeari, baina aurretik ere buruan asko lantzen du artelana bera: «Errealitateko elementuren bat hartu dezaket, baina beste guztia nik asmatzen dut, neure buruan. Oso argi edukitzen dut buruan bozetoa, eta behin argi edukita jartzen naiz mihisearen aurrean, nahiz eta gero mihisearen aurrean ere aurreikusi gabeko arazoak sortzen diren. Behin lan bat bideratuta dudanean, oraindik bukatu gabe badago ere, hurrengoari forma ematen hasten naiz buruan».
Bihrrek dioenez, «Jorge Oteizaren eta Vicente Ameztoiren influentzia handiak» ikusten ditu Goibururen lanetan: «Asko lantzen du geometria eta bibrazio positiboak transmititzen dituzten kolore asko erabiltzen ditu; energia ematen du bere obrak». Aldiz, galerian ikusgai dauden koadroetako asko egin zituenean, Goiburuk ez zuen ez Oteizaren eta ez Ameztoiren obra ezagutzen, gerora bien laguna izan bazen ere: «Oteizak esan zidan: ‘Ameztoiren lanarekin antza du, baina beste gauza bat da’. Eta gauza bera Nora Borgesekin; Oteizak esaten zidan berdin margotzen nuela, baina nik ez nuen ezagutzen. Gerora, ezagutzeko aukera izan nuen eta egia da paralelismoak daudela», azaldu du ordiziarrak. «Horri telepatia deitzen zaio!», gehitu du galeristak.
Oteizak horren gustuko zuen errealismo magiko hori du hizpide Sakana galeriako erakusketak
Naturaren taupadak
Handik kilometro batera baino gutxiagora, Gladys Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean, Goibururen obraren beste zati handi bat ikus daiteke, oso bestelakoa: Latires erakusketa, natura ardatz duena. Hainbat aretotan dago banatuta erakusketa: «Lehenengo aretoan, lurraren zauriak aurkituko ditugu hasieran, baita erakusketaren izenburuarekin lotuta dauden bihotz formako lan ugari ere; oso konplexuak, atzetik margotutako kristal txikiez eginak», azaldu du Goiburuk. «Taupada berdina da beti, baina aldi berean desberdina, gure emozioen araberakoa, eta hori islatu nahi izan dut hemen, koadroekin eta bihotz formako harri multzoarekin, besteak beste; ikusten dudan bihotz formako harri bakoitza gordetzen dut», gaineratu du artistak.
Erakusketako hainbat lan nabarmendu ditu Goiburuk bisitan, tartean Pandemiaren aurpegiak lan adierazgarria. Izan ere, sarritan, marraztu ostean aurkitzen dio zentzua marraztu duen horri, eta hori gertatu zitzaion obra horrekin: «Pandemian egindako marrazki batzuk dira; marraztu ostean, konturatu nintzen figura bakoitzaren aurpegian emozio bat zegoela, bakoitzaren ondoan idatzi ditudanak gerora, obra osatuz».
Erakusketako areto batetik bestera joatean, sinestezina dirudi artista bera dagoela lan horien guztien atzean: metalezko oihalekin egindako lanak, beira margotuarekin, artistak berak etxean hazitako arrosa bereziekin, enborren argazkiekin eta abar. «Pertsonak etapa askotatik pasatzen gara bizitzan, eta horren erakusgarri da nire obra, noski», dio Goiburuk. Ildo beretik, bere obrarekin duen lotura estua nabarmendu du: «Honek guztiak lan handia dauka, arteak zure energiarekin harreman handia duelako eta, era berean, zure bizitzarekin. Aipatu moduan, koadro baten atzean nire bizitzaren hilabete bat edo gehiago egon daiteke».
Bi erakusketen arteko harremanaz galdetuta, argi dauka ordiziarrak: «Parkean bukatzen da Sakanan hasten dena»
Zeharo desberdinak dira Sakanako eta Gladys Eneako erakusketak, baina bien atzean dago Goiburu, azken 50 urteak etengabe sortzen aritu den artista, eta sortzeari uzteko asmorik ez duena. Bien arteko harremanaz galdetuta, argi dauka ordiziarrak: «Parkean bukatzen da Sakanan hasten dena, eta askoz lan gehiago ditut estudioan, noski. Baina bataren eta bestearen arteko elkarrizketa bat dago». Herritarrek elkarrizketa horretan murgiltzeko aukera dute asteotan, Goibururen lana ezagutu, ulertu eta goraipatzeko.







