Gurutz Agirresaroberen hirugarren gradurako proposamena errekurritu du Espetxe Zaintzako Fiskaltzak
Sarek pasa den udan Donostian egindako manifestazioa. Sarek jakinarazi eta salatu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak errekurritu egin du Gurutz Agirresarobe donostiarraren eta beste bi euskal presoren –Itziar Alberdi eta Josu Narvaez– hirugarren gradurako progresioa. Hori dela eta, hiruek espetxera itzuli behar izan dute.
“Beste behin ere, 400 kilometrora hartzen da honelako erabaki bat, euskal espetxeetako profesionalek, presoen bilakaera hobekien ezagutzen dutenek, gradu progresioaren alde hartutako erabakiaren kontra eginez”, kritikatu dute. Horrekin batera, Fiskaltzaren erabakia “borondate politikoetan oinarritua” dagoela salatu dute, eta “ez irizpide juridikoetan”. Horrela, Sare aldarrikatzen ari den “elkarbizitzarako bidea oztopatzen” jarraitzen dutela gaineratu dute.


