Haurrentzako euskarazko produktuen gida argitaratu du Euskara Zerbitzuak
Haurrentzako euskarazko produktuen gida argitaratu dute aurten ere.Donostiako Udala Urtero moduan, udaleko Euskara Zerbitzuak Euskaragida 2025 argitalpena kaleratu du. Bertan, haurrei zuzendutako euskarazko produktu berrienak eta interesgarrienak jaso dituzte hainbat ataletan sailkatuta: liburuak, komikiak, APPak, podcastak, jokoak, musika… Liburuen eskaintza “oparoa” izanda, hiru adin tartetan banatu dute: 0-4 urte, 5-9 urte eta 10-12 urte. Hala, gurasoek errazago topatuko dituzte euren seme-alabentzat egokiak diren produktuak.
Euskara Zerbitzuak gidaren 12.000 ale banatuko ditu, batetik, 12 urtetik beherako haurren artean hiriko ikastetxeekin elkarlanean; eta, bestetik, zenbait saltoki, liburutegi eta kultur etxetan. Banaketa Gabonen aurretik egingo du “garai ezin hobea baita euskarazko liburuak erosi edota oparitzeko eta horiez gozatzeko”. Horrez gain, online ere ikusgai dago Euskara Zerbitzuaren webean.
Euskara zinegotzi Kerman Orbegozoren esanetan, gida lagungarria izango da euskarazko produktuen “hautaketa egokia” egiteko. “Irakurtzea plazer bihurtzen da haurrak bere intereseko liburua topatzen duenean. Horretan laguntzeko sortu dugu gida hau”, azaldu du.


