Memoriaren errautsak
Filma: POPEL
Zuzendaria: Oier Plaza · Urtea: 2025 · Herrialdea: Euskal Herria-Frantzia-Txekiako Errepublika
Oier Plaza zinemagile gernikarrak 73. Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean aurkeztu zuen Popel / Errautsak, ez-fikziozko debuta. Lehiatzerik ez, iragan apirilean Pragan (Txekiar Errepublika) izan baitzuen filmak bere lehen emanaldia. Filmaren estreinaldirako hautatu zuten agertokia baino askoz gehiago, filmeko lantaldeak egindako ibilbidearen helmuga ere izan da hiria.
Gernika-Lumon du abiapuntua, 1937an. Hori horrela, hiri bizkaitarreko bonbardaketaren garaia, Bigarren Mundu Gerra, Holokausto Naziaren izugarrikeria eta ekialdeko Europan eman zen komunismoaren gorakada zeharkatzen ditu 90 minututan zehar.
Ahaztutako gutun baten aurkikuntzak, Espainiako Gerra Zibilean erbestera ihes egin ondoren, naziek harrapatu zuten Anjel Lekuona osabaren patu ezezaguna ikertzera eraman zuen Anton Gandarias. Aldi berean, Unai Eguiak, Javier Cercasen El impostor eleberria irakurri ondoren, bere bilaketa propioari ekin zion ere: nazien kontzentrazio esparruetako izugarrikeriak jasan zituen Enric Moner deportatuarekin zer gertatu zen deskubritzea. Zoriak Anton eta Unairen bideak gurutzatu, eta haiek, beren ikerketak bateratzean, senideen bizitzak data eta leku komunen arabera elkarri lotuta daudela ohartu ziren.
Elkarrekin, eta bidean aurkituriko beste hainbat seniderekin, Frantisek Suchde eta bere semearen istorio sinestezina deskubritu zuten: bizitza arriskatu eta Pragako errausketa labetik nazien erregimenari erresistentzia pultsu bat bota zioten, 2.000 biktimen errautsak salbatzeko. Aurkikuntza honek iragan eta oraina lotu zituen, inola ere espero gabeko amaierarekin.
Premisa zirraragarri horretatik abiatuta, Bilbon hasi eta Pragan amaitzen den ikerketa prozesua jaso du Plazaren lan dokumentalak, azalpen hutsetik harago doan bilgarri erakargarriz aurkeztuta. Izan ere, Kote Camachoren animazioak, Aitor Etxebarriaren doinu itzalak, erritmo eta egitura argi eta zainduaz landutako gidoi zein muntaia… oro da urre –eta arnas!– heroi anonimoei egindako omenaldia izateaz gain, inoiz ahaztu behar ez zirenen oroimena gordetzeko deia ere baden film honetan.
Lerrook baliatu nahi nituzke lantaldea zoriontzeko; bere bulkada edozein dela, ekiten dionari –badira hainbat eta hainbat film honetan– eskerrak emateko. Gustatuko litzaidake, zinez, ibilbide komertzialak, han eta hemen aritzeak, istorioa ezagutarazteko beharrezkoa duen fokua ematea filmari. Eta, guztiaren gainetik, nahi nuke Popel giltzarri izatea oraindik Strasnicen gelditzen diren 85 deportatuen errautsak euren familietara itzultzeko.


