GOE eraikina «elikaduraren berrikuntzaren talaia izatea» nahi dutela dio Asier Aleak
Urriaren 21ean inauguratu zuten Basque Culinary Centerren GOE eraikina. Horren harira, Enpresabidea atariak Asier Alea BCCko Garapen Globaleko zuzendaria elkarrizketatu du. Aurreratu dutenez, gaur hasiko da GOE funtzionatzen elikaduraren zentro teknologiko, ekintzaileen inkubagailu, formakuntza gune eta beste askotariko espazio moduan.
Elkarrizketaren pasarte batzuk aukeratu ditugu, eta osorik irakurri ahal izango duzue helbide honetan.
Zer izango du GOEk?
Nik berrikuntza lantegi bezala ikuste dut, hainbat aldagai dituena. Bata, parte akademikoa: Masterreko ikasleak etorriko dira lehenik. Bestea, berrikuntzaren partea, zentro teknologikoa, Miramonetik hona lekualdatuko da, eta lehen solairuan kokatu. Hirugarrena, ekintzaileena. Eta baita ekitaldiak ere, gureak zein hirugarrenenak eta betiere berrikuntzari loturikoak —batez ere gastronomia eta elikadurari loturiko berrikuntzarekin—. Hori dena herritarrentzako hitzaldi eta ekitaldiak ahaztu gabe. Dagoeneko nahiko programazio zabala dugu martxora bitarte.
Berrikuntza aipatu duzu. Nola ulertzen du GOEk berrikuntza?
Elikaduraren sektorean hiru eremu nagusi daude: parte sentsoriala, osasunari loturikoa eta jasangarritasunari dagokiona. Jasangarritasuna luzerako iritsi da. Osasunaren kasuan, bizirauteko jaten dugu. Baina elikadura bermatuta dagoen tokietan, osasunaz ere hitz egin dezakegu egun. Alegia, elikatzen gaituen hori osasuntsua izan beharko litzateke, hobeto bizitzen lagundu.
Bi alderdi horiek bermatuz gero, zerbait kontsumitzerako garaian benetan aldea ezartzen duena da parte sentsoriala, ea goxoa dagoen edo ez. Gozatzeko jaten dugu: hamaiketakoa, bazkaria lagunekin, afaria familiarekin…
Zer moduzko harrera izan du eraikinak nazioartean?
Izugarrizkoa izan da. Inaugurazioa izan zen astean, arkitekturako aldizkari nagusiek azalean jarri zuten. Eta pentsa astero eraikin interesgarri asko zabaltzen direla nazioartean. Mundu mailan urteko eraikin garrantzitsuenetako bat da arkitektonikoki. Horrek badu bere meritua: ez da handiena, edota ondoen komunikatuta dagoen hiri baten kokaturiko eraikina.
Are gehiago, anaia batekin batera jaio da GOE. Googlek Londresen duen egoitzako —bere nagusienetakoa Sillicon Valleyn duenarekin batera— eraikinaren prozesua gutxi gora behera gurearekin batera abiararazi zen. Arkitekto bera topatu zuten lana egiteko, Ingles Bjarke.


