Herritarrek 750 proposamen egin dizkiete Easoko trenbide eremuaren garapen proiektuei
3.000 bat herritarrek ikusi dute erakusketa azken hilabetean.Irekia 3.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute Hurrengo geltokia: Amara-Easo erakusketa eta 750 proposamen egin dituzte Easoko trenbide eremurako. Udalak, Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatuta, hilaren 14 arte egon da suhiltzaileen etxe zaharrean ikusgai. Aurrerantzean, berriz, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzako klaustroan ikusteko aukera izango da, urtarrilaren 11ra bitarte —astegunetan, 17:00etatik 20:00etarara, larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara—.
OFF Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren parte da, eta auzo berria nolakoa izango den ezagutzeko topaketa, gogoeta eta elkarrizketarako gune izan nahi du erakusketak. Herritarrek egindako ekarpenen arabera, honakoak dira adierazitako kezka nagusiak
- Natur eta berdeguneei lehentasuna ematea (%34): berdeguneak, parkeak eta zuhaiztiak mantendu eta hedatzeko beharra. Araba parkearen jarraipena babestea eskatu dute herritarrek, eta azpiegiturek edo eraikinek eragindako zatiketak saihestea.
- Etxebizitza eskuragarria eta soziala (%19): antolamendu berriak etxebizitza babestuaren eskaintza handitzea, etxebizitzarako bidezko sarbidea bermatuta eta bazterketa prozesuak saihestuta.
- Mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna (%13): garraio publikoa, oinezkoen eta bizikletazaleen mugikortasuna lehenestea eta motordun trafikoa murriztea. Auzo berria erdigunearekin eta inguruko auzoekin lotzeko bulebar berde bat egitearen ideiak indarra hartu du.
Ekipamendu publikoak eta gertukoak (%12): anbulatorio eta kiroldegi bana, baita adin guztientzat zabalik dauden kultur, kirol eta aisialdi guneak ere. - Ingurumenarekiko eta ongizatearekiko kezkak (%8): zarata eta kutsadura murrizteari buruzko aipamenak ageri dira, baita lasaitasuna mantentzearen eta gune horren bizitoki izaeraren garrantziari buruzkoak ere.
- Beste batzuk: haur-parkeak eta belaunaldien arteko aisialdia (% 5), auzoko merkataritza eta tokiko bizitza (% 3) eskatu dituzte herritarrek. Eraikuntzaren (% 2) eta beste gai batzuen aurka (% 4) ere egin dute.
Herritarren zati handi batek prozesua positiboki baloratu badu ere, nolabaiteko kezka adierazi dute bere eraginkortasunari dagokionean, behin eta berriro azpimarratu baitute ekarpenek isla zehatza izan behar dutela azken erabakietan.
Herritarren ekarpenak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketa Puntualerako lehiaketa publikoan aukeratutako hiru proiektu finalista hauetan oinarritu dira: JPAM City Makers-en Habitar el bosque urbano, RAZ y Usandizagaren Kalerik kale plazarik plaza, eta Beldarrain Estudioren Hari berdez hiria josi.
Jaurlaritzak memorandum batean bilduko ditu jasotako proposamen eta iradokizunak. Dokumentu hori baliagarria izango da hiru proiektu finalistak baloratzeko, kontuan hartuta zenbateko gaitasuna duten herritarren ekarpenak integratzeko, zenbat etxebizitza publiko proposatzen dituzten, proiektuaren garapenaren bideragarritasun ekonomikoa eta osotasunaren hiri kalitatea. 2026ko udaberrian esleituko zaio ardura hautatutako ekipoari.


