Hiriaren mugikortasun erronkak aztertu dituzte Insaustik eta Garcia Chuecak
Mugikortasun erronkak eztabaidatu dituzte Insaustik eta Garcia Chuecak.Donostiako Udala Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak adostu dute metroaren lurrazpiko obren ondorioz askatzen ari diren espazioetan hiria berrurbanizatzen jarraitzea. 2026ko bigarren seihilekoan, metroaren ibilbide berria eta geltokiak martxan egotea da helburua, eta ordurako ingurua ere egokituta egotea.
Lehen aldiz bildu dira gaur, astelehena, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburua eta Jon Insausti Donostiako alkatea. Donostian garatzen ari diren proiektuak aztertzeko elkartu dira, eta zenbait puntu eman dituzte aditzera.
Espazioak liberatzea
Lehena, metroko obrek okupatutako espazio asko askatu direla: Lugaritz–Mirakontxa artean okupatutako 12.332 m² guztiz libre daude dagoeneko, Mirakontxa–Easo artean zeuden 19.952 m²-tik, 3.720 m² askatu dituzte eta Xabier Zubiri plaza berriro ireki da; horrez gain, Easo, San Bartolome eta San Martin kaleetan egindako obren aztarnak kendu dituzte.
Espazio horien berrurbanizazioaren helburua, oinezkoei “lekua eta segurtasuna” ematea da —espaloi zabalagoak eta espazio irekiak jarriz — eta garraio publikorako sarbidea erraztea.
San Rokeko igogailua
Bigarrena, San Roke, Osasuna eta Autonomia kaleak lotuko dituen igogailuaren obrak egiten ari direla; igogailu horrek Aiete auzoa Amarako etorkizuneko lurpeko geltokiarekin zuzenean lotuko du.
Beste proiektu batzuk ere eztabaidatu dituzte, horietatik aparte; adibidez, Amarako trenbide gunearen 21.000 m² askatuko direla, etxebizitzak eta hiri zerbitzuak sortzeko —espazio hori etxebizitzarako eta zerbitzuetarako erabili ahal izango da—.
Atotxako geltokiaren erabateko operatibotasuna ere eztabaidatu dute; lan horiek datorren asteetan amaitzea aurreikusten dute.
Etorkizuneko hiria
Urtebete baino gutxiagoan eta topoaren etorrerarekin, hiriak “aldaketa nabarmenak” izango ditu, Insaustiren ustetan; horrek, bere hitzetan, “auzoak elkarren artean hobeto lotzea eta inguruko udalerriekiko lotura hobetzea” ekarriko du.
Eraikitzen ari diren etorkizuneko hiri hori ikusteko aukera ematen dute, besteak beste eta alkatearen hitzetan, Easoko trenbidearen eremurako lehiaketak, Loiolako kuartelekoak eta Illunbekoak. “Eusko Jaurlaritzaren laguntza dugu Donostia hiri erosoagoa eta atseginagoa izan dadin mugikortasunaren ikuspegitik, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko”, adierazi du Insaustik.
Garcia Chuecak, hala, argi dauka: 2026a mugarria izango da, topoa, bere hiru geltoki berriak eta lur gaineko espazio berriengatik. Horiek, sailburuaren ustez, hiritarren “bizi kalitatea hobetuko dute”.


