Urgulleko landaredia hobetzeko eta kontserbatzeko lanak egiten ari dira
Urgull mendia.Oskar Moreno Donostiako Udalak Urgull mendiko landaredia hobetzeko lanen proiektuaren kontratazio espedientea onartuko du. Proiektuak kontserbazio eta hobekuntza jarduerak aurreikusten ditu, ingurumen, historia, kultura eta gizarte alderdiak bateratzen dituztenak, garapen iraunkorra eta denboran iraunkortasuna bermatuz. Lizitazioaren aurrekontua 495.754,67 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea hamabi hilabetekoa izango da.
Hobekuntza jarduketak Zuhaiztien Gida Planaren barruan kokatzen dira, eta, aldi berean, bat datoz Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Planarekin (2017), Klima 2050 Ekintza Planarekin (2018) eta Donostia hiriko larrialdi klimatikoaren adierazpenarekin (2020).
Aurreikusitako jardueren artean, belardietan eta jolas eremuetan erraboilak landatuko dituzte, biodibertsitatea handitzeko eta udaberrian paisaia koloretsuagoa eskaintzeko. Bideetan ere hobekuntzak egingo dira, kopa jasotzeko inausketak eginez, larrialdietako eta zerbitzuko ibilgailuak ondo iritsi ahal izateko, eta hutsegiteak hauteman diren eremuetan heskaiak birjartzeko, oinezkoen segurtasuna indartuz eta magaletan lurra higatzea saihestuz.
Ondarearen eremuan, harresietako landaredia arin garbituko da, gehiegizko bolumenak eta pisuak harrien egonkortasuna arriskuan jar ez dezaten. Era berean, basoberritzeak egingo dira iparraldean eta beste mendi hegal batzuetan, espezie autoktonoak eta pinu berriak landatuz. Jarduera horietan, itsasorako eta hirirako ikuspegiak hobetuko dituzten “leihoak” irekiko dira, mendiaren paisaiaren balioa indartuz.


