Dbusen historia Garberan jarri dute ikusgai
Ikusgai dago Dbusen historiari buruzko erakusketa, Garberan. Dbus Dbusen historia erakusketa batean bildu, eta Garberan jarri dute ikusgai. Gaur ireki dute eta abenduaren 8ra arte bisitatu ahal izango da. Mugikortasun Astearen harira sortutako ekimen bat da.
Hainbat panelek osatzen dute erakusketa, enpresak bere hastapenetatik (1886) izan duen bilakaera islatzen dutenak. Ikusi daiteke, baita ere, flotak izan duen aldaketa eta nola bihurtu den jasangarriagoa. Autobus elektrikoen inguruko informazioa ere biltzen du erakusketak.
Errepaso horretaz gain, bisitariek 1989ko Mercedes autobus batera igotzeko aukera izango dute Garberan bertan; autobus hori 2004ra arte egon zen zerbitzuak ematen hirian, eta azaroaren 22an eta 29an ikusi ahal izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Garraio publikoaren garrantzia ezagutaraztea da erakusketaren helburua, eta arrazoi zehatz batengatik jarri dute Garberan: “Garberara iristea gero eta errazagoa eta jasangarriagoa izatea nahi dugu, gure komunitatearekin dugun konpromiso handietako bat da”, adierazi du Nuria Vegas Garberako gerenteak.


