Elkartasuna adierazi diete Amara Berrin atxilotutako bost asilo eskatzaileei
Donostiako Udalaren eta Jon Insausti alkatearen jarrera kritikatu dituzte herritarrek, baita atxilotuak izan ziren Maliko herritarrei elkartasuna eta babesa adierazi ere.
Igandean egin zuten atxilotutako Maliko herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea.Amara Berri Ehuntzen Donostiako Udaltzaingoak Maliko bost herritar atxilotu zituen ostegunean (hilak 13) Amara Berrin, asilo politikoaren eskaera izapidetzen ari zirenak. Espainiako Poliziaren eskuetan utzi zituen, eta erakunde horrek Espainiako Estatutik kanporatzeko espedientea ireki zien, hiriko hainbat eragile antirrazistek salatu zutenez. Horren aurrean, Amara Berri Ehuntzen kolektiboak elkarretaratzera deitu zuen iganderako (hilak 16), atxilotuei “elkartasuna eta babesa” adierazi eta eurentzako irtenbide bat aldarrikatzeko. Donostiako 28 eragilek bat egin zuten deialdiarekin.
Mobilizazioan, gogorarazi zuten udan Malitik iritsitako 50 bat asilo eskatzaile egon zirela auzoan hainbat astez, kalean lo egiten, asilo politikoa lortzeko zain. Auzotar ugarik elkartasuna adierazi zieten, eta lortu zuten erakundeek Oñatin ostatu ematea, “modu ezohikoan eta epe baterako”. Orain, aldiz, bestelakoa izan da erantzuna, kolektiboak salatu zuenez: “Udan ez bezala, Donostiako Udala azkar mugitu da. Lagun hauei laguntza emateko? Ezta pentsatu ere. Gure alkate berriak kargua hartu zuenean esan zuen moduan, ‘Donostia donostiarrentzat izango da’. Ondorioz, gure hirira gerratik ihesi, oinarrizko beharrak ase ezinda eta poltsikoa diruz hutsik iritsiz gero, Donostiako Udaltzaingoa bidaliko du alkateak, eta Polizia Nazionalaren esku utzi, Espainiako Estatutik kanporatzeko espedientea irekiz”.
Gogorarazi zuten, halaber, “bitartean, Malin, zein munduko beste herrialdeetan, egoera okertuz” doala, eta litekeena dela “gero eta lagun gehiagok bere burua behartuta ikustea haien etxeetatik alde egiteko, bizitza hobe baten bila gurera iritsiz. Izan ere, sistema anker honek gutxi batzuen diru nahiak beste guztion behar eta eskubideen gainetik jartzen ditu”. Hain zuzen ere, nabarmendu zuten udaberritik iristen ari direla Maliko herritarrak Amara Berrira, gerratik ihesi, asilo politikoa eskatzera, auzoan baitago eskaera hori egiteko bulegoa.
Erakunde publikoen jarreraren aurrean, herritarren “egitekoa” argi dute Amara Berri Ehuntzenekoek: “Elkartasuna eta antolakuntza dira gure tresnarik hoberenak. Instituzioen utzikeriaren aurrean antolatu ginen udan Amara Berrin; instituzioen utzikeriaren aurrean antolatu dira Gasteizen; instituzioen utzikeriaren aurrean antolatzen dira ehunka boluntario Donostia guztian zehar egoera zaurgarrienetan dauden pertsonei egunero laguntza txiki bat emateko. Eta behar den guztietan antolatuko gara, gaur bezala, Maliko bost kide hauek babesteko eta halako egoeraren batean dagoen edozein pertsona laguntzeko”.


