Gabonak hirian: argiak, berritasunak eta elkartasuna, ekintzaz jositako egitarauarekin
Gaur aurkeztu dute 2025eko Gabonetako kanpaina.Donostia Sustapena Hilaren 28an piztuko dituzte gabonetako argiak, eta Flock Drone Art Studioko droneen Donostia Ametsetan ikuskizuna eta Izaroren emanaldia batuko dira gabonen inauguraziora. Hiriaren errepaso bat egin nahi dute, eta zenbait ekintza prestatu ditu Donostia Sustapenak gabonetako kanpainarako, urtarrilaren 6ra arte.
Hala, Iñaki Gabilondo kazetariak piztuko ditu argiak; izan ere, ehun urte betetzen ditu hiriko lehen irratiak: Radio San Sebastianek. Udalaren hitzetan, “hamarkadatan zehar donostiarrei lagun egin dien ahotsa” da Gabilondorena, eta horregatik sakatuko du berak botoia, aitortza gisa.
Gabonetako kanpaina
Hilaren 28an hasi eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da Gabonetako kanpaina Donostian. “Berrikuntza, jasangarritasuna, elkartasuna eta kalitatea” izan ditu ardatz sustapenak kanpaina prestatzeko, eta horiek indartzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, hirian Gabonak inauguratzea “erreferentzia bat” da, komunitate sentimendua indartzen duelako. Horregatik, familia osoak elkarrekin egiteko pentsatu dituzte kanpainako ekintzak: Miramar Magikoa ikuskizuna, Gabonetako Azoka eta izotz pista, besteak beste.
‘Miramar magikoa’ ikuskizuna
Abenduaren 4tik urtarrilaren 5era hartuko du Miramar Jauregiak Miramar Magikoa ikuskizuna; intsektuei omenaldi bat da, 700 metroko ibilbide bat, biodibertsitatea ezagutzeko. Zientziari lotutako ekintza bat da, argiak eta teknologia erabiliko dituztelako, besteak beste. 8:00etatik 22:00etara egongo da zabalik.
Argiak
Hiriko ia ehun kale egongo dira argiztatuta, 500 argi elementu baino gehiagorekin. Horien artean, arkuak, faroletako apaingarriak eta zuhaitzetako apaingarriak. Denak LED argia baliatuta piztuko dituzte.
Berrikuntzak ere ekarriko ditu aurtengo argiztapenak; izan ere, betiko eraikinak pizteaz gain —Udaletxea, Maria Cristina hotela edo Viktoria Eugenia antzokia, esaterako—, hiriko beste txoko batzuk ere argituko dituzte: Bretxako merkatuko fatxada, Alde Zaharra (apaingarri bateratuekin), San Martzial kalea (arkuekin) eta Askatasunaren Hiribidea, izar formako zintzilikari berri batekin.
Urterokoen artean, Alderdi Ederreko lorategiak ere piztuko dira, eta hemezortzi metroko pinu bat jarriko dute bertan. Horrez gain, Gabonetako Bola ibilgarria jarriko dute Zurriola hiribidean.
Azoka
Argiak piztearekin batera irekiko ditu ateak Gabonetako Azokak, eta inoiz baino etxetxo gehiago izango ditu; 71, hain zuzen ere. Hauek Frantzia pasalekuan eta Ramon Labayen plazan egongo dira. 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da bisitatzeko aukera.
Dekorazioa, artisautza, elikadura eta opariak salduko dituzte bertan. Hala, etxetxo batzuek ateratako dirua erakunde solidario eta inklusiboentzat gordeko dira; Zaporeak, Aita Mari edo Mi Dulce Guerrerorentzat, besteak beste.
Noria eta izotz pista
Hilaren 14an hasi zen jira eta bira Alderdi Ederren kokatutako noria, eta urtarrilaren 31ra arte egongo da bertan. 144 bidaiarientzako edukiera du, 24 kabinatan banatuta.
10* 30eko neurriekin eta izotz naturalarekin egindako izotz pista izango da beste berritasun bat, eta Frantzia pasealekuan jarriko dute, azokaren ondoan. Hilaren 19ra arte, astean zehar eta goizez, erreserba duten taldeek gozatu ahal izango dute; arratsaldeetan, ordea, publiko zabalera egongo da irekita. Horrez gain, asteburu eta jaiegunetan egun osoan zehar egongo da publiko guztiarentzako.
Musika eta kirola, elkartasunean
Kanpaina espiritu solidarioan oinarritzen da, eta hortik sortzen dira hainbat ekimen: adinekoentzako triziklo paseoak, tokiko elkarteei laguntzeko jarduerak eta Musika Gabonetan zikloa, bertako talentua sustatzeko. Abenduaren 20tik 28ra, musikari gazteek Bulebarreko Kioskoan eta Ramon Labayen plazan aritzeko aukera izango dute, eta Donostiako Orfeoiak hiru kontzertu eskainiko ditu hiriko auzo batzuetan.
Gainera, abenduaren 23an Gabonak Hondartzan ekitaldia egingo da Kontxan, haurrei zuzendutako kirol jardunaldiarekin. Eta abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, Donosteam egitasmoak zientzia, teknologia eta artea sustatuko ditu Kursaaleko tailer eta jarduerekin.


