«Gainerako konpainiek bezala gure talentua eta eskubideak ditugu dantzari izateko»
Zainetan darama dantza Aitor Manterolak (Donostia, 1995). 12 urterekin Verdini konpainian sartu zen, eta ordutik argi du ez duela beste talde batekin aritu nahi. Pertsona desgaituen eskubideak aldarrikatzea du helburu konpainiak. Abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izanen dira 'Distira' taularatzen.
Aitor Manterola dantzaria.Olaia L. Garaialde / Argia Gauak maiz harrapatzen ditu Verdini dantza konpainiako kideak. Donostiako Manteo kiroldegian entseatzen dute astean bitan. Ostiral arratsaldea da, eta jo eta su ari dira koreografia bat lantzen. Kide gehienak begira daudelarik, Aitor Manterola dantzaria, beste hiru kiderekin batera, mugimenduan dabil. Pertsona bakarra balira bezala fusionatzen dira musikaren erritmora. Manterolak pasioz egiten du dantza txiki-txikia zenetik. Hamabi urterekin Verdini dantza konpainian sartu zen: “Nire gorputzean zegoen. Gorputzak dantza egitea eskatzen zidan”.
Dantza garaikideko konpainia bat da Verdini, eta Isabel Verdini Carranza dantzariak sortu zuen, bere iloba Haizearengatik. Down sindromea du ilobak. Desgaitu intelektualak diren pertsonez osaturik dago konpainia. Duela 30 urte baino gehiago jarri zuten martxan. Manterola “oso pozik” dago konpainian. Gainera, argi utzi du ez duela beste talderik probatu nahi.
Pertsona desgaituen eskubideak aldarrikatzea du helburu konpainiak. Horretarako bost ardatz nagusi ditu: aniztasunari ikusgaitasuna ematea eta balioan jartzea; pertsona desgaituen eta gizartean duten misioari aitortza “bidezkoagoa” ematen laguntzea; begirada sentikorra eta eraldatzailea sustatzea; aukera berrien bidez estetika berri bat sortzea; eta espazio artistiko anitza eta unibertsala aldarrikatzea. Manterola tinko mintzo da euren baldintzez: “Ikusarazi nahi dugu gainerako konpainiek bezala gure talentua eta eskubideak ditugula dantzari izateko”.
Erreportaje hau Argia aldizkaritik ekarri dugu, CC lizentziei esker; osorik irakurri dezakezue Argia-ren webgunean.


