GOE «irekitzeko eta martxan jartzeko lizentziarik gabe» inauguratu izana kritikatu du EH Bilduk
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak udal batzordeetan azaldu du lizentziak ez edukitzeko hutsuneak "zuzentzen" ari direla.
Basque Culinary Centerren GOE eraikina.Beñat Parra Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, EH Bilduren galderei erantzunez, asteleheneko udal batzordeetan azaldu zuen Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOE) eraikinak ez duela “irekitzeko eta martxan jartzeko lizentziarik”. Lizentzia ez edukitzearen arrazoia da, besteak beste, erremateak falta direla eraikinaren inguruko lan batzuetan, hala nola, Okendo Kultur Etxearen ondoko eskaileran eta espaloian. Akats horiek “zuzentzen” ari direla esan zuen zinegotziak.
“Hala ere, urriaren 20an egin zen irekiera ofizialaren aurretik ate irekien jardunaldiak antolatu ziren herritarrentzat”, salatu du EH Bilduk: “Harrezkero ere hainbat ekitaldi antolatu dira: hurrengo egunetarako programatutako egutegia, hainbat jarduerekin, horren froga da”, gaineratu du oposizioko taldeak, baita gogorarazi ere “aspaldi” eskatu zituztela jarduera lizentzia eta lehen erabilerako lizentzia, “baina, gaur egun, dokumentazioaren zain” jarraitzen dutela. “Eta agian izango da gaur egun espedienteek ebazpenaren zain jarraitzen dutelako”, gehitu dute.
“Testuinguru horretan, ez dugu ulertzen zergatik gonbidatu ziren herritarrak instalazioak ezagutzera, ezta zergatik antolatu zen irekiera ofiziala ere, beharrezko lizentziak ez bazeuden eta ez badaude behar bezala. Era berean, ez dugu ulertzen gaur egun tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzen jarraitzea”, salatu du koalizioak.


