GuraSOSek ez dizkio kostu judizialak ordaindu beharko GHKri
Joxemari Izeta GuraSOSeko lehendakaria, azaro hasierako agerraldi batean.Xalba Ramirez Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eskaera bat egina zuen, GuraSOS elkarteko zuzendaritzako kideek 8.420 euro ordaindu zitzaten, Zubietako erraustegiaren inguruko epaiketen zenbait kostu judizial estaltzeko. Aldiz, Donostiako Lehen Instantziako 1. epaitegiak aintzat hartu du elkarteak horren aurka egindako eskaera, eta, beraz, ez dizkio kostu judizial horiek ordaindu beharko aldundiaren mendeko erakundeari.
GuraSOS pozik agertu da epaiarekin, izan ere, horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta GHKren “GuraSOSen aurkako itotze ekonomikoaren estrategia” eten dutela nabarmendu dute: “GuraSOSek ekintza judizialak burutu ditu erraustegiaren kudeaketan irregulartasun larriak salatuz. GHK-k, barne ikerketak hasi eta erantzukizunak argitu beharrean, elkarte salatzailea mehatxatu eta eraso egin dio, baita bere kideak pertsonalki ere, eta herritarrek egindako kontrola desagertzea eta ezabatzea bilatzen du”.


