'Jesusen Bihotza'-ren inguruko eztabaida «itxita» dago udalean, Insaustiren arabera
'Jesusen Bihotza', Urgull mendiaren tontorrean.Xabier Etxabe Urgull mendiko Jesusen Bihotza monumentuaren inguruko auzia irekita dago, besteak beste, joan den astean bertan frankismoaren hainbat biktimek ofizialki eskatu ziotelako Espainiako Gobernuari monumentu frankista gisa katalogatu dezala. Jon Insausti Donostiako alkateak, aldiz, astearte honetan Tokiko Gobernu Batzordearen ostean emandako prentsaurrekoan esan du “eztabaida itxita” dagoela: “Udal honek aurten eztabaidatu du Jesusen Bihotza-ren inguruan, eta udalbatza osatzen duten indar politikoek adostu zutena izan zen eztabaida itxita dagoela. Mozio bat eraman zen udalbatzarrera, ez zuen nahikoa adostasun lortu onartua izateko, eta guri dagokigunez behintzat, eztabaida hori ez dago mahai gainean”.
Hain zuzen ere, Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak, dokumentazioa aurkeztuta, ebatzi zuen Urgulleko monumentua “erregimen frankista goraipatzeko” eraiki zutela, eta horren harira aurkeztu zuten udalbatzarrean alkateak aipatutako mozioa.
Donostiako Udalak, Eneko Goia alkate zuenean, ez zuen aintzat hartu udaleko taldeak egindako ebazpena, argumentu honekin: Jesusen Bihotza eraikitzeko ekimena 36ko gerraren aurrekoa izatea. Agerian geratu zenez, ordea, lehendik “pentsatuta” zegoen arren, Antonio Paguagua alkateak —lehendik mugimendu karlistan ibilitakoak—, ideia ontzat jo, eta lehenengo 100.000 pezetak eskaini zituen. Garaiko giroan ohikoa zen moduan, Francoren eta martiri faxisten omenaldi gisa irudikatu zuen eskulturaren eraikuntza.
“Zorroztasuna eta zehaztasuna”
Jesusen Bihotza-k 75 urte bete ditu aurten —1950eko azaroaren 19an inauguratu zuten—, eta, horren harira, Jesusen Bihotzaren Lagunen Elkartea hainbat jarduera egiten ari da urtean zehar. Hain justu, kazetariek Insaustiri galdetu diote ea elkarteak igande honetan Urgull mendiko kaperan antolatu duten mezara joango den —Fernando Prado gotzainak emango du meza—, eta horren harira eman du itxitzat eztabaida. Ildo beretik, azaldu du Javier Sada historialariak liburu bat argitaratuko duela urte bukaeran Jesusen Bihotza-ren historiari eta jatorriari buruz, gaiari “zorroztasuna eta zehaztasuna” eskainiko diona.
Era berean, esan du ez dakiela udal ordezkaritzarik egongo den meza horretan. Alkateak baieztatu du, aldiz, ostiralean bera pertsonalki joango dela Santa Maria basilikan antolatutako Donostiako Orfeoiaren kontzertura, hori ere Jesusen Bihotza-ren 75. urteurrenaren harira antolatutakoa.


